“Gure Sagardo Berria” oihu eginda, Izaro Andres abeslariak 2020ko txotx bolada ireki du Astigarragako Alorrenea sagardotegian, XXVII. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean. Aurretik, sagarrondo berri bat landatu du Sagardoetxeako sagastian.
Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da Sagardoetxean prentsaurrekoarekin eta bertan izan dira Xabier Urdangarin (Astigarragako alkatea), Imanol Lasa (Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune diputatua), Peli Manterola (Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industria zuzendaria), Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko gerentea), Nere Lizeaga (Sagardoaren Lurraldeko sagardogileen ordezkaria) eta Izaro Andrés abeslaria.
Xabier Urdangarin alkateak Astigarragako elkarteek sagardoaren kultura sustatzeko egiten duten lana aitortu du eta nabarmendu, “elkarlana beharrezkoa izango dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko”. Halaber, sagardozaleak gonbidatu ditu Beterriko sagardotegietara etortzera.
Ahalegin horretan parte hartzen duen erakundeetako bat da Gipuzkoako Foru Aldundia. Imanol Lasa diputatuak gogora ekarri du 2016tik bertako sagarrondoak sustatzeko erakundeak aurrera daraman apustua. Horren erakusgarri, onartu berri duten ia 300.000€ diru laguntza deialdia. Neurri horri esker, bertako sagarrarekin egindako sagardoa %30 arte hazi da, “espero dugu %100tik gertu egotea legealdi amaieran”. Eusko Jaurlaritzak ere bat egiten du bertako sagardoa nazioartean ezagutarazi eta merkaturatzeko helburuarekin, esportazio kuota %5etik gora eramateko. Lan horren isla da, Peli Manterola Eusko Jaurlaritzako zuzendariak gogoratu duenez, Euskadi eta hemengo sagardoa Frankfuteko Cider World azokako Guest of Honor gonbidatua izatea aurten. “Gonbidapen horren atzean sagardoaren inguruko ekosistema osoaren lana dago”.
Bestalde, Unai Agirrek eta Nere Lizeagak aurtengo ekoizpenaren inguruko datuak eman dituzte.
Sagardoa
2019ko uztarekin 12 bat milioi litro sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian, 8,5 milioi bertako sagarrarekin. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenak egiaztatutako 3 milioi litro sagardo ekoiztu dira. Guztira 48 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa: Gipuzkoako 41ek, Bizkaiko 5ek eta Arabako 2k.
Unai Agirrek nabarmendu du ekoizpena hazten doala eta laugarren uzta honetan %30etik gertu ibili dela; baina ahalegina merkaturatzean jarri behar dutela. “Sagardoa beste modu batean kontsumitzea sustatu behar da eta produktuak duen kalitateari dagokion moduan saldu behar da”. Horregatik, 2020a estrategikoa izango da Ostalaritzan sustatzeko.
Sagardo dastaketa
Nere Lizeagak azaldu du heldutasuna iazkoa baino apur bat atzeratuago etorri dela eta azukre gutxiago duenez, sagardo ehuneko txikiagoa du sagardoak.
– Aurreko urteetan baino kolore alaiagoa du.
– Usaimenean oso garbia da. Sagardoek fruta fresko usaina dute.
– Karboniko maila ona duten sagardo naturalak dira, kupeleko hartzidura ondo egin baita.
– Orokorrean sagardo oso orekatua da.
Azkenik, Izarok adierazi du “oso eskertua eta ohoretua” dagoela “horrenbeste denbora, lan eta jenderen ahalegina” ezkutatzen duen edari honen denborada irekieran gonbidatua izateagatik.
Prentsaurrekoaren ostean, Izarok sagarrondo berri bat landatu du Sagardoetxeako sagastian, eta ondoren, ekitaldiko unerik garrantzitsuena iritsi da: Astigarragako Alorrenea sagardotegian “Gure Sagardo Berria” esanda, Izarok lehen kupela ireki du, eta honekin batera, 2020ko sagardo denboraldi berriari ekin zaio.
Eskuratu 2020ko txotx irekierako argazkiak
Eskuratu prentsa dosierra PDF formatuan