Sagardoetxeak 20 urte beteko ditu aurten, sagardoaren kultura ezagutarazten, ondarea zaintzen eta sagardogintzari lotutako ezagutza belaunaldiz belaunaldi zabaltzen. Urteurrena ospatzeko, Sagardoetxeak ateak irekiko ditu irailaren 12an, eta egun osoko egitarau berezia prestatu du.

Duela bi hamarkada sortu zenetik, Sagardoetxeak sagardoa edari bat baino gehiago dela ulertzeko eta ezagutarazteko lan egin du: kultura, ondarea, paisaia, gastronomia eta herri baten bizimodua biltzen dituen ondare bizi gisa. Sagardoaren inguruan sagastiak, baserriak eta dolareak ez ezik, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutzak, ohiturak, hiztegia, musika eta ospakizunak ere badaude.

Azken 20 urteotan, Sagardoetxeak ondare hori herritarrei eta bisitariei hurbiltzeko lanean jardun du, sagardoaren kultura ezagutzeko, bizitzeko eta partekatzeko esperientziak eskainiz. Urteurrena ospatzeko modurik onena, beraz, ibilbide horri begiratzea ez ezik, sagardoaren kultura herritarrekin partekatzea eta etorkizunera begira bizirik mantentzea izango da.

Leire Alkorta Sagardoetxeako gerentearen esanetan, “20 urte hauek ospatzeko modurik onena da gure ateak herritar guztiei irekitzea eta sagardoaren kulturaz gozatzeko aukera ematea”.

Hori dela eta, irailaren 12an Sagardoetxean 20. urteurreneko ospakizun-eguna egingo da, eta udazken honetan zehar antolatutako Udazken Zaporez programak ere ildo berari jarraituko dio, sagardoaren kulturarekin lotutako hainbat jarduera eta proposamenekin.

Alkortak gaineratu du egitarau zabal horren atzean dagoen ideia garrantzitsuena dela “sagardoaren kultura ez dela iraganeko zerbait, baizik bizirik dagoen usadio eta kultura bat”.

Horren erakusle dira, Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak nabarmendu duenez, ‘Dolareak’ proiektuaren baitan urriaren 24ean eta 31n egingo diren bisita gidatuak: “Orain dela urte bete hasi ginen Erbetegi-Etxeberri dolarea berreskuratzeko lanak egiten Lapurdiko, Nafarroako eta Donostiako Lanbide Heziketako ikasleekin. Aurten, Europako Ondarearen Jardunaldien barruan bisita gidatuak egingo dira ondare hori herritarrei ezagutzera emateko”, esan du.

Prentsa oharra deskargatu.