“Gure Sagardo Berria” oihu eginda, Olatz Arrieta kazetariak 2019ko txotx bolada ireki du Astigarragako Gartziategi sagardotegian, XXVI. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean. Aldez aurretik, sagarrondo berri bat landatu du Sagardoetxeako sagastian.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da Sagardoetxean prentsaurrekoarekin eta bertan izan dira Zorione Etxezarraga (Astigarragako alkatea), Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordea), Denis Itxaso (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako Diputatua), Ainhoa Aizpuru (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko, Landa inguruneko eta Lurralde orekako Diputatua), Harkaitz Millan (Basquetour-eko Zuzendaria), Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko gerentea), Joxe Angel Goñi (sagardogileen bozeramailea) eta Olatz Arrieta kazetaria.

Prentsaurrekoaren ostean, Olatz Arrietak sagarrondo berri bat landatu du Sagardoetxeako sagastian eta ondoren, ekitaldiko unerik garrantzitsuena iritsi da: Astigarragako Gartziategi sagardotegian “Gure Sagardo Berria” esanda, Olatz Arrietak lehen kupela ireki du eta honekin batera, 2019ko sagardo denboraldi berria ireki da.

Sagardoa
2018ko uztarekin 11,78 milioi litro sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian. 1.500.000 litro sagardo bertako sagarrarekin egindakoa eta Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenekoa da. Guztira 50 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa: Gipuzkoako 43k, Bizkaiako 5ek eta Arabako 2k.

Sagardo dastaketa:
– Begien bistan: Txinparta biziko eta lasto koloreko sagardoak.
– Usaimenean: Sakontasun aromatiko handia, fruta-usainekin.
– Ahoan: Gorputz handiko eta sendotasun nahiz freskotasunaren oreka egokiko sagardoak.

Prentsa Dossierra eskuratu