• Beti Goxo tabernak lortu du bigarren postua, eta Zipotzak hirugarrena.
• Sagar Uztako programa igandera arte luzatuko da. Larunbatean ‘Sagar-bira’ ibilaldia egingo da Josu Osaren eskutik, eta egun handia igandean izango da, familiei zein herritar orori zuzendutako hainbat jarduerarekin.

Sagardoaren Lurraldeak atzo aurkeztu zuen Udazken Zaporez programaren barruan kokatzen den Sagar Uztaren XXVI. edizioa. Ekimena atzo bertan hasi zen Astigarragako tabernetan, sagarrarekin eta haren eratorriekin egindako pintxoen lehiaketa eta dastaketarekin. Bertan, Kale Nagusiko Bukoi taberna atera zen garaile. Bigarren postua Beti Goxo tabernak lortu zuen, eta hirugarrena, berriz, Zipotza tabernak. Hiru establezimendu horiez gain, Kaizoku, Laket, Ibai Lur eta The Robin tabernek ere hartu zuten parte lehiaketan.

Aurtengo edizioan, Basque Culinary Centerreko bi irakaslek osatu dute epaimahaia: Gonzalo Parras zerbitzu-arloko koordinatzaileak eta Carlos Collado sukaldaritza-arloko koordinatzaileak. Zazpi pintxoak dastatu ondoren eta epaia eman aurretik, epaileek azpimarratu zuten “lehiaketaren maila urtez urte hobea” dela eta, “oraingoan, oso altua” izan dela.
Sagar Uztari dagokionez, atzoko aurkezpenean Leire Alkorta Sagardoaren Lurraldeko gerenteak azpimarratu zuen uztaren garaia aukera berezia dela sagarraren kultura kalera ateratzeko, herritarrekin partekatzeko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko: “Sagar Uztaren helburu nagusietako bat sagarra gure herriaren kulturaren, ondarearen eta bizimoduaren parte bezala ulertzea da”.

Alkortak gaineratu zuenez, ezagutza hori praktikaren bidez transmititzen da, hala nola, sagarra biltzen, dolareko lanak egiten, kirikoketa edo txalaparta jotzen eta sagardo zein muztioa dastatzen; eta horregatik da hain garrantzitsua haurrek eta familiek Sagar Uzta jaian parte hartzea.

Nabarmentzekoa da, bestalde, Sagar Uzta herritarren aldetik oso erantzun ona izaten ari dela, eta aurretik izen-ematea eskatzen duten jarduerek harrera oso ona izan dutela: larunbateko ‘Sagar-Bira’ mendi-bueltan 30 bat lagun daude dagoeneko izena emanda, eta igandeko familientzako sagar biltzeak 160 bat lagun bilduko ditu Sagardoetxeako sagastian eta Foru plazan.

Herri elkarlana eta egitarau zabala
Alkortak gogorarazi zuenez, egitarau hau posible bada, hainbat erakunde eta eragileren arteko elkarlanari esker da: Astigarragako Udala, kultur taldeak, tabernariak, baserritarrak, herriko elkarteak, babesleak eta bolondres lana egiten duten guztiak.

Egitarauari dagokionez, atzoko pintxopotearen eta lehiaketaren ondotik, larunbatean, irailak 26, familian naturaz gozatzeko ‘Sagar-Bira’ egingo da Santiagomendiko inguruko sagastiak ezagutzeko eta Josu Osarekin batera sagar mota ezberdinak dastatzeko.

Igandea, jai egun nagusia
Asteburuko egun handia igandean izango da, irailaren 27an. Goizeko 09:30ean Txirriskla Txistulari Taldearen dianak emango dio hasiera egunari. Jarraian, 10:00etan, familientzako sagar biltzea egingo da Sagardoetxeako sagastian, eta ondoren kalejira alaia abiatuko da herriko plazaraino.

Foru plazan, 11:30etik aurrera, sagardogintzako ohiko lanak egingo dira: sagarra bildu, txikitu eta prentsatu edo zanpatuko da, Goldea Herri Kirol Batzordearen eta Sagardoetxearen eskutik. Ordu berean irekiko da Sagar Uzta Argazki Rally Digitalean izena emateko epea.

11:30etik 14:00etara azoka eta erakusketak izango dira plazan: sagar erakusketa eta dastaketa, txertaketa erakustaldiak, haurrentzako marrazketa tailerra Astigarte elkartearen eskutik, eta herriko baserrietako produktuen azoka eta salmenta Zipotza zein Baratz elkarteen eskutik.

Gastronomiari dagokionez, Alorrenea, Astarbe, Bereziartua, Etxeberria, Gurutzeta, Lizeaga, Mendizabal, Oyarbide, Petritegi eta Zapiain sagardotegien sagardoak zein sagar muztioa dastatzeko aukera izango da. Bestalde, Zipotza Kultur Elkarteak pintxoak prestatuko eta salduko ditu, Xaguxar Aisialdi Elkarteko gazteek pintxoen salmentan lagunduko dute, eta Astigar E.O.E. dantza taldeak edalontzien salmentan lagunduko du. Hori guztia Norberto Almandoz Musika Eskolako trikitilariek girotuko dute.

13:00etan, Astigar taldearen sagar dantza eta kirikoketa izango dira, eta 13:30ean, Erbetegi Etxeberri Txalaparta Taldearen doinuekin, 2026ko uztako lehen muztioarekin Topa Herrikoia egingo da. “Urtero bezala, hau izango da egunaren momenturik garrantzitsuenetarikoa”, adierazi du Alkortak.

Arratsaldean, 17:30ean, pilota-partidak jokatuko dira Mundarro Kirol Elkartearen eskutik: B.Azketa eta O. Elorz, Eñ. Lizeagaren eta E. Santestebanen kontra; eta Peña II eta Lizeaga, Apezetxea II.aren eta Eskuzaren kontra.

Jarduerak azarora bitartean
Sagar Uztaz gain, uztaren garaia aprobetxatuz, azarora bitartean jarduera gehiago antolatu dira Udazken Zaporez programaren barruan; besteak beste, familientzako muztio tailerrak urriko asteburuetan Sagardoetxean eta Erbetegi Etxeberri baserriko dolarea ezagutzeko bisita gidatuak.

Aurkezpenari bukaera emateko, Alkortak honako hau gaineratu zuen: “Sagar Uzta ez da soilik sagarraren festa. Gure herriaren eta kulturaren parte da, eta horregatik Sagardoetxean uste dugu garrantzitsua dela urtetik urtera ekitaldi hauek mantentzea eta indartzea: sagarraren kultura bizirik mantentzeko, ezagutza belaunaldi berriei transmititzeko eta herriko eragileen arteko elkarlana sendotzeko”.

Argazki gehiago ikusi.