Olatu Talka 084Udaberriaren etorrerarekin batera, gure sagarrondoak lorez bete eta sagastiak txuri kolorez janzten dira. Erleak lorez-lore hegan eginez, udaberriko polinizazioarekin hasten dira. Urte sasoi honek gure sagastietan duen garrantzia ospatu eta sagastiek eskaintzen dizkiguten paisaia zoragarriez gozatu ahal izateko, apirilaren 8tik maiatzaren 24ra bitartean “Sagastiak loretan” ekimena ospatu dugu Sagardoaren Lurraldean hainbat jarduera antolatuaz.

Sagardoetxeako udaberriko bisitak

Sagardoetxean izan ditugun bisiten edukiak udaberriko egutegira moldatu ditugu eta erleen mundua, polinizazioa eta sagastiko intsektuen gaiak landu ditugu bisitariekin.

Honetaz gain, Astigarragako Arantzazuko Ama ikastolako haurrak gure sagastian ibili dira intsektuak hartzen eta gero ikasgelara eraman dituzte bertan aztertzeko.

Argazki lehiaketa Facebook-en

“Sagastiak loretan eta ardiak larretan” argazki lehiaketa antolatu dugu Facebook-en apirila-maiatza bitartean.

Lehiaketa hau Astigarragako Sagardoetxea Museoa, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoa, Ordiziako D’Elikatuz Zentroa eta Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroarekin batera antolatu dugu.

Denera 6 parte-hartzaileren 24 argazki jaso ditugu eta sarituak bi izan dira:

1) Eduardo Perez del Olmo, lehiaketako irabazlea. Saria: “Sagardoa eta gazta” pasaporte gastronomikoko esperientziak (museo gastronomikoetako bisitak, gaztandegiko bisita eta sagardotegian otordua).

2) Imanol Manterola, Idiazabalen Gazta Egunean ospatu zen bozketa herrikoiaren irabazlea. Saria: gazta eta sagardo lotea.

Sagardoa, sagar muztioa eta likoreen dastaketa Ordizian

Ordizian maiatzaren 3an ospatu zen Gaztaren Egunean, sagarretik eratorritako produktu ezberdinen dastaketa ospatu zen sagardoetxearen eskutik.

Bertaratuek, sagardo ezberdinak, sagar muztioa, likoreak eta Byhur sagardo aparduna dastatzeko aukera izan zuten.

Jende ugari bildu zen dastaketa berezi honetara, Katalunia eta Zaragozako bisitariak, besteak beste.

Museoen Nazioarteko Eguna Sagardoetxean

Urtero bezala, Museoen Nazioarteko Eguna ospatu genuen Sagardoetxean maiatzaren 18an.

Aurreko urteetan bezala, museorako sarrera dohakoa izan zen egun osoan zehar eta honetaz gain, haurrei eskainitako “Dasti ipuinkontalaria” jarduera ospatu genuen. Bertan, haurrek Sagardoetxeako Dasti sagarraren istorioa ezagutzeko aukera izan zuten ipuin moduan.

Argazki erakusketa Sagardoetxean

Maiatzaren 18tik 24ra bitartean “Sagastiak loretan eta ardiak larretan” argazki erakusketa ikusgai izan zen Sagardoetxean.

Bertan, aurrez Facebook-eko lehiaketa honetan parte-hartu zuten eta 4 museoetara bidalitako argazkiak ikusteko aukera eskaini genuen.

Olatu Talka Sagardoetxean

Iaz hasitako “Musika sagastian” ekimenarekin jarraituaz, maiatzaren 24an Olatu Talka ospatu genuen Sagardoetxean “Dasti Sagardoetxean” jarduerarekin sagastiak loretan zeudela ospatu eta Donostia 2016 ekimenarekin parte hartzeko.

Jarduera honetan, herriko hainbat talde kulturaren parte-hartzea izan genuen: Norberto Almandoz Musika Eskola, Astigarragako Antzerki Eskola eta Astigar E.O.E.ko haurrak.

Denen laguntzarekin, Sagardoetxeako sagastian Dasti sagarraren istorioa antzerki, dantza eta musikaren bitartez narratu genuen eta herritar ugari gerturatu zen ikuskizunaz gozatzera.

________________

Iturria: Sagardoaren Lurraldea Boletina 35
Egilea: Sagardoetxea Museoa