XII. Sagar Uzta jaiaren barruan, sagardogintzan oinarritutako herri kirol lehiaketa ospatuko da bosgarren urtez jarraian eta aurtengoan, Alorrenea, Lizeaga, Petritegi eta Rezola sagardogileen arteko sagar bilketan, garraioan eta txikitzean  oinarrituko da lehia. Lehiaketak hiru kirol-proba ditu. Lehenengoan, parte hartzen duen talde bakoitzak (hiru gizonezkok eta emakumezko batek osatuta) sagar karga erdi bat (150 kilo) kizkiaz jaso beharko du. Saskietan bildutako sagarrak zakuetan sartuko dituzte eta aldamenean izango duten leraren gainean jarri beharko dituzte zakuak.

Jarraian, sagar karga bat (300 kilo) leratik tiraka tolarera garraiatu beharko dute, hamar plazako luzera eginez. Azkenik, sagar karga erdi bat matxakara bota eta txikitu egin beharko dute taldekideek.

Lehiaketarako zehaztutako arauen arabera denbora gutxienean lana ondoen betetzen duena izango da irabazle.

Lehiaketa arratsaldeko 17:30etan izango da, Foru Plazan. Lehendabizi bi sagardogile lehiatuko dira, ondoren haurrentzako sagardoaren kulturarekin erlazionaturiko jolasak izango dira eta amaitzeko, beste bi sagardogileak lehiatuko dira.