Gaur egun gure sagardoa produktu ordezkaezina dela ziurta genezake, gure kulturaren, gastronomiaren, sustapen turistikoaren eta Euskal Herriaren sendotasun sozioekonomikoaren ikurra. Orain dela gutxi arte, ekoizpena eta merkaturatzea irizpide tradizionalen arabera arautu dira; artisau produktu bat ekoizten genuen, ekoizpen prozesuan kontrol handirik gabekoa eta sagardoaren kalitatea ausazko eragileen menpe utziz. Azken finean, naturak urteen joan etorrian irakatsitako irizpideen arabera ekoizten genuen.

Gure arbasoei, haien esperientziari eta ikertzen jardun duen gazte horiei guztiei esker, gaur egun gauzak modu honetara egitearen arrazoia hobeto ezagutzen dugu eta XXI. mendeko ezagutza aplikatu besterik ez dugu egiten.

Ausazko eragileen nahiz hartzidura prozesuan mikroorganismo ezberdinen bilakaeraren menpeko kalitate-potentziala zuen sagardo artisaua izatetik, 10 urte geroago “Terroir”a, sagarraren ahalmena, uztaren garaiaren araberako lurrina nahiz ahoan orekatua izatea gehiago errespetatzen duen sagardo naturala izatera pasa gara. Sagardotegi bakoitzak bere irizpide edo kontsumitzailearen gustuen araberako sagardoa ondo definitua duela esan genezake.

Guzti honi, Fraisoro Laborategia edo Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena (JI) bezalako erakundeen ahalegina batu behar diogu. Bi erakundeok barrutik zein kanpotik lagundu digute; Fraisorok, sagarra nahiz sagardoaren inguruan gertatzen den guztia modu azkarragoan ulertzen laguntzen diguten azterketak prest izaten eta kalitatezkoak ez ezik, denok sagardo bikainak eskaini ahal izateko ziurtatutako panel sentsoriala sortzen bere laborategitik. Jatorri Izendapenak, ekonomia zirkularraren, baserritarreren, sagardogilearen aldeko apustu sendoa egin du, kontsumitzaileari bikaintasun goreneko bertako produktua eskaini eta sagardoari merezi duen balioa emateko.

Aurrera goaz, belaunaldi berriak beren lekua hartzen doaz interes berri, ikuspegi zabalago, kreatibitatea eta dibertsifikatzeko gogoekin; orain beraiekin batera sagarren arloan lan egitea tokatzen zaigu, haztea, sortzea. Ezagutza gurea da eta aukera berrietara adi egon behar dugu. Sagardoa mundu-mailako booma izaten ari da eta azken 10 urtetan kontsumoa hamar aldiz biderkatu da (Sagardunek hala erakutsi digu bere nazioarteko sagardo lehiaketan) “Millenial” publikoaren bila. Badira modan jarri izanaren arrazoiak: garagardoa ez bezala, fruitu hartzidura izateak ematen dion alkohol nahiz kaloria maila baxua. Azken finean, itxura denez gutxiago eta modu osasungarriagoan edan nahi duen jende ia guztiari gustatzen zaion edaria da.

Egiteko bidea geratzen da, gogoan izan sagarraren inguruko ezagutza gurea dela eta bide hori elkarrekin egin behar dugula, hirugarrengoekin sinergiak izanaz, modu lasaian, orekatuan eta balioa erantsiz hazteko eta sagardoa merezi duen lekuan kokatzeko.

Egilea: Xabier Kamio Aizpurua
Iturria: Sagardoaren Lurraldeako 2020 Urtekaria