Oialume Zar sagardotegi berria da, izenak iradoki dezakenaren kontra. 2002an ireki zituen ateak, baina deiturak dioen bezala bertako baserriaren jatorria askoz ere zaharragoa da. 6 kupelekin hasi ziren lanean, eta gaur egun 70.000 litrotik gertu ekoizten dituzte. Martindegi auzoan kokatua dago, Hernani eta Astigarragak muga egiten duten bailaran.

Erreserbatu Oialume Zar Sagardotegian

Testua eta argazkiak: Haritz Rodriguez Ciderzale

Axintxio Barrenetxeak eman zion bultzada sagardotegi berriari, baina beste askotan gertatzen den bezala, familia osoa murgildu da azkenean proiektua aurrera ateratzeko. Ezaguna da Koro amaren goxotasuna baita bisitariari egiten dion harrera beroa ere, berak kudeatzen baititu erreserbak. Aitarekin batera, Ander semea aritzen da urte osoan sagardogintzan, eta txotx garaian Axintxio parrilan dagoen bitartean bera jantokian izaten da. Gainera, Eztitxu arrebak ere laguntzen die marketing eta irudi aldetik.

Sagardotegiko ohiko menuaz gain, Oialume Zar-ek badu berezitasun bat. Azken urteotan izan duten eskariari erantzunez, menu begetarianoa ere badaukate. Lehenagotik ere egiten zituzten barazki tortilak inork eskatzen bazituen. Baina gaur egun menu begetariano osoa dute, barazki hanburgesa eta guzti. Haragia maite dutenentzat, inguruko baserri bateko behi zaharraren txuleta bezalakorik ez dago, ordea. Baina ez da beti kartan izaten, eta dagoenean berehala desagertzen da.

Oialume Zar-eko sagardoa bertako sagarrekin egina dago. Baserritarrei erosten dizkietenez gain, badute bere sagasti propioa ere. Azkenaldian, gainera, sagarrondo berriak landatu dituzte, ekoizpena bermatze aldera. Upategian nahi adina edan daiteke, kupela nork irekiko zain egon gabe ere, edonork ireki baititzake sagardoa dastatu nahi badu. Sagardoa ez den beste edaririk ere aurki daiteke Oialume Zar-en. Izan ere, Garapar Artisauak markarekin elkarlanean, garagardo eta sagardoaren arteko nahasketa berezi bat merkaturatu dute. Galdetu Tolare Garagardoa-gatik.

Sagardotegien inguruan bada halako mito bat. Txantxa giroan, maiz esan ohi da sagardorik onena duen kupela izkutuan dagoela, edo ez dela irekitzen. Oialume Zar ere ez dago sinismen horretaz libre. Garai batean jantokian bazegoen halako zulo txiki bat, upategi atzeko beste gela batera eramaten zuena. Batek baino gehiagok galdetzen zuen ea sagardorik onena hor izkutatutako kupelen batean ote zegoen. Halako batean, Anderrek zuloan barrena murgiltzera animatu zituen, eta bestaldean zeukaten kupel batetik eskaini zien edatekoa. Ez zekiten, alabaina, kupel hori ozpina ontzeko erabiltzen zutela, eta berehala uxatu zituzten bertara eraman zituzten usteak.

Ahatik, Oialume Zar-eko txoko bereziena ez dago zuloaren beste aldean, sagardoaren Sixtotar Kaperan baizik. Upategi nagusiaren ondoan, badituzte hartzidura egiteko altzairuzko edukiontzi handi batzuk. Tarteka, Axintxiok berak irekitzen ditu bertako ateak, eta gonbidatzen du jendea bertako sagardoa dastatzera. Egoitza horretako pareta batean bada koadro berezi bat, lagunek oparitutakoa. Bertan, Vatikanoko Sixtotar Kaperan Michelangelok margotutako Adan-en Kreazioaren aldaera bat dago ikusgai. Baina Oialume Zar-eko marrazkian sagardo botila bat jarri diote eskutan Jainkoari, gizakiek lurretik beren edalontziak jasotzen dituzten bitartean.