• “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” Sagardoaren Lurraldeak Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo udalekin eta Donostiako Aquarium-ekin elkarlanean sustatutako erakusketa ibiltaria da.
  • Erakusketa 2016ko apirilaren 20tik 27ra bitartean Hernanin ikusgai egongo da, maiatzaren 13tik 22ra bitartean Usurbilen, irailean Astigarragan eta 2017an Donostiako Aquarium-ean.

ErakusketaGaur goizean aurkeztu dugu “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” erakusketa ibiltaria Hernaniko Biteri Kultur Etxean. Prentsaurrekoko mahaia Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, Imanol Agote Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendariak, Maria Jose Telleria Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusiak, Jesus Maria Santos Astigarragako alkateak eta Alaitz Aizpurua Usurbilgo udaleko zinegotziak osatu dute.

Ondoren, erakusketaren bisita gidatua izan da Lourdes Odriozola Sagardoetxeako historialaria eta Alex Larrode Aquarium Donostia-San Sebastian-eko museo saileko koordinatzailearekin.

Erakusketa ibiltari hau, Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo udalek Sagardoaren Lurraldearekin sagardoaren kultura sustatzeko sinatutako hitzarmenaren arira eta Donostiako Aquarium-arekin elkarlanean sortutako proiektua da. Oria eta Urumea ibaiak balorean jartzen ditu, eta etorkizunean, ibilbide edo paseo tematiko bat egiteko bidea eman dezake Sagardoaren Lurraldeako “Sagardo Bideak” proiektua osatuz.

Erakusketak Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo herriei buruzko alderdi ezezagunak ezagutara ematen ditu. Hernaniren kasuan, esaterako, honakoa: aurreko mendeetan 7 portu izan zirela Hernanin: Arbiza-Portu, Portu, Zikuñaga, Osiñaga, “Caparote”, Epele eta Fagollaga. Horietan garrantzitsuena “Portu” izenekoa izan zen. Udalaren jabetzakoa zenez, izaera anitza izan zuen eta probintziaren barnealdea eta Nafarroaren arteko harremanetarako lotunea izan zen itsas merkataritzan, Urumea, Leitzaran eta Oria bailaretako beharrei erantzuten baitzien. Hernanitik Donostiara burnia, sagardoa, sutako egurra, arraunak, egurra, etab. eramaten zituzten eta barnealdeko herri eta Nafarroan banatzen ziren itsasotik iritsitako salgaiak.

Erakusketa bisitatzeko aukera ezberdinak eskainiko dira: Hernaniko ikastoletako haurrekin bisita gidatuak egingo dira aldez aurretik adostutako egun eta orduetan eta bestalde, egunero 19:00etan erakusketaren bisita gidatua eskainiko da parte-hartu nahi duten herritarrentzako.

Bestalde, Apirilaren 24an “Sagardoaren Lurraldea ezagutuz” ibilaldia ospatuko da Astigarraga eta Hernani artean eta ibilaldia “Sagardo ibaiak, bizizta iturri” erakusketaren bixita gidatuarekin amaituko da. Ondoren, bazkaria izango da Hernaniko Akarregi sagardotegian.