Julian Iantzi aurkezlea izango da aurtengo txotx irekieraren arduraduna “Gure Sagardo Berria” oihu eginda, datorren urtarrilaren 11an, asteazkenean, burutuko den 2011ko uztaren aurkezpenaren testuinguruan. Ekitaldia Sagardoetxean bertan izango da, Astigarragako Kultur Etxean kokatua.

Andoni Gartzia Astigarragako Alkateak aurkeztuko du uzta berria Sagardoetxean eta sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarrien berri emango du elaborazio prozesuaren inguruko informazioarekin batera.

Baina urtero bezala, hemeretzigarren aldi honetan ere, ekitaldiko unerik garrantzitsuena txotx irekierakoa izango da, Astigarragako Petritegi sagardotegian JULIAN IANTZIK “Gure Sagardo Berria” oihu eginda lehen kupela irekiko baitu denboraldi berriari hasiera emanez.

Aldez aurretik, museoko sagastian sagarrondo berri bat landatuko du. Ekitaldi sinboliko honekin, naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu nahi dira, urtetik urtera mahai batean sagardoaren bueltan esertzeko aukera eskaintzen baitigu.