Aurten ere jende ugari bildu da Astigarragako plazara, eguraldia lagun, sagardoa dastatzeko giro ederra egin baitu. Aurtengoan, 18 sagardogileren parte-hartzea izan da eta denera 2.000 sagardo botila baino gehiago eskaini dituzte Sagardun Partzuergoko eta Astigarragako sagardogileek. Beroak, festaren erakargarritasunak, sagardo dastaketak, musikak eta idi-demak, Santa Ana egunaren parte-hartzea mailarik gorenera igo dute eta egun osoan zehar ospatutako jarduera guztiek jendea erruz bildu dute.

Goizean, Zubietako Joaldunek festari hasiera eman diete eta ondoren, baserriko langintzen erakusketari hasiera eman zaio, bertan gazta, erroskilak, zurezko tresneria, burdindegi eta danbolinak, etb. ikusteko aukera egon delarik. Bien bitartean, sagardo dastaketak jendearen kuriositatea eta egarria asetu ditu Foru Plazan, bertan elkartutako lagunek giro ezin hobeaz gozatu dutelarik.

Idi-demak eta bertsolarien saioak goizeko jardunaldiari amaiera eman diete eta eguerdian sagardotegiko bazkari herrikoia izango da.

Arratsaldean, herri kirol jaialdia, haurrentzako ikuskizunak eta trikitilarien erromeria izango dira Foru Plazan.