Sagardo Asteari hasiera emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren X. Sagardo Lehiaketako irabazleei sariak banatuko zaizkie Igartubeitin. Asteburuan ohiko zanpaketa, antzezpen, kirikoketa, sagar erakusketaz gain, bertsolari, albokari eta trikitilariek giroa alaituko dute. Sagar motei buruzko jardunaldia ere antolatu dugu San Telmo museoan. Sagar edo sagardoarekin egindako errezeten lehiaketa eta IV. Argazki Lehiaketa dira aurtengo sagardo asteko beste ekitaldi batzu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Igartubeiti dolare-baserri hau zaharberritu du, baserriaren urrezko aroko, hau da, gure historiako garai jorienetako, adierazle bikaina berreskuratzeko eta gure arbasoen bizimodura hurbiltzeko asmoz. Museo bizia izateko sortua denez, eta aurreko esperientzien arrakasta kontuan harturik, XVI. mendeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz, dolareko lana berreskuratu eta jendeari jarduera haren berri zuzenean eta zehatz-mehatz eskaintzea erabaki dugu.

XVI. mendeko zurezko egitura hau indarrez bihurritzea, sagarraren usaina eta lehen muztioaren lurruna, aspaldiko lan baten lekuko izatea…. jardun honetan dena da zirraragarri.

Informazio gehiagorako, Igartubeiti Baserri Museoko web orrialdea kontsultatu.