Kontzeptu berri bat garatu nahi izan du Sagardotekarekin, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duten sagardo desberdinen karta, dastatzeak, uztartzeko egokiak diren platerak eta abarrekin. 10 sagardotegiren 18 erreferentzia ditu kartan Ibailurrek. Euskal Sagardoak ekimen berritzaile hau gogotsu babestu du, ikusten duelako sagardoak jatetxe eta tabernei aukera ona eskaintzen diela “Euskal Sagardo kartak osatu eta euskal gastronomiari eskaintza berritzaile eta erakargarri bat ematen diolako”.

Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren helburuetako bat Euskal Sagardo desberdinez osatutako “sagardo kartak” izango dituzten jatetxe eta tabernak bilatzea da eta beso zabalik hartu dute Ibailur jatetxearen azken proposamena: sagardoteka bat sortzea.

Horretarako 10 sagardotegiren 18 Euskal Sagardo desberdin izango dituzte aukeran, jendearen gozagarri. Eta neurrira egokitutako eskaintza gastronomiko zabala. Lehen pauso honetan honako sagardotegien Euskal Sagardoa izango da aukeran: Aburuza, Alorrenea, Bereziartua, Gartziategi, Irigoien, Isastegi, Lizeaga, Petritegi, Zapiain eta Zelaia. Honenbestez, Ibailur horrelako apostua egin duten ostalarien zerrendan sartuko da eta eskaintza guzti horri, dekorazioan eta sagardoaren zerbitzuan bultzada emango dion inbertsioa erantsi dio, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren laguntzarekin, argazki, hozkailu, kopa, sagardo kolekzio eta abarrekin. Eta kontsumitzaileek sagardoa bertan kontsumitzeaz gain, eramateko erosteko aukera ere izango dute.

Gaurko aurkezpena, Lur Basurtoren arreba Laida Basurto kazetariak gidatu du eta Lur Basurto berak azaldu ditu apostu berritzaile honen oinarriak. Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak, apostu honen garrantzia azpimarratu du eta Euskal Herriko ostalariak animatu ditu horrelako eskaintza gehiago martxan jartzera “Euskal Sagardoak aukera zababala eskaintzen du jatetxeetan plater desberdinekin uztartuko diren sagardo kartak osatu eta kontsumitzaileak gozatu ahal izateko”.

Ondorenean, Ibailurreko hiru pintxo desberdin dastatu dituzte 10 sagardotegietako sagardo desberdinekin, Mikel Garaizabal Enologo-Sumellerrak gidatuta. 2019 Uztako Euskal Sagardoak izan dira guztiak, lurrintsuak, borobilak eta atseginak ahoan orokorrean, baina desberdinak beren artean.

Iturria: Euskal Sagardoa