Sagar Uztak hamalaugarren edizioa bete du aurten tolaretako lanen hasiera ospatzeko eta sagarraren eta sagardoaren kulturan oinarrituriko jarduera ezberdinak izan dira Astigarragako talde eta herritarren laguntzarekin.
Sagarra eta sagardoa protagonistak izan dira gaur Astigarragan. Urtero bezala, Foruen Plazan sagarraren azoka, sagardo dastaketa eta 2014 uztako lehen muztioaren elaborazioa izan dira, tolarean bertan muztioaren usadiozko elaborazio prozesua erakutsi delarik: kirikoketa, pisoiekin sagarra jotzea, txalaparta eta ekoiztutako muztioaren dastaketa.
Goizari hasiera emateko, Alorrenea, Astarbe, Gurutzeta, Petritegi, Zapiain eta Zelaia sagardotegien arteko I. Sagardobide Erronka izan da Santiagomendiko Sagardo Bidean zehar. Lehia gogorraren ostean, Astigarragako Petritegi sagardotegia izan da erronka irabazi duena.
Oso harrera ona izan dute antolaturiko beste jarduerek ere: Idiazabal Gaztaren dastaketan 40 lagun baino gehiagok parte hartu dute (8-10 urteko haurrak eta helduak), haurrentzako sagargintza proban 32 haurrek parte-hartu dute eta jende ugari gerturatu da frontoian ikusgai egon den eta Sagardoetxeak gauzatutako “Sagardogintza gure baserrietan” erakusketa ikustera.
Sagar Tarta Lehiaketan 12 parte-hartzailek beren sukaldaritzako dohaiak erakutsi dituzte eta denera 2 sari banatu dira: Astigarragako baserritarren produktuen loteak. Lehendabiziko sariaren irabazlea Irati Saralegi izan da eta bigarren sariaren irabazlea Amaia Dominguez izan da.
Bestalde, 15 parte-hartzailek Sagar Uzta jaiko unerik garrantzitsuenen argazkiak atera dituzte VII. Argazki Rally Digitalean parte-hartuaz eta urriaren 17an argazki bilduma onenen 2 sari banatuko dira Sagardoetxea Museoan.
Honetaz gain, harrena bikaina izan dute aurreko egunetan ospatu diren jarduerek, besteak beste: osteguneko pintxo-poteak, ostiraleko Euskal Herriko sagarraren kata gidatuak eta larunbateko “Sagar motak ezagutuz” mendi-bueltak.