“Gure Sagardo Berria” oihu eginda, Eneko Atxa sukaldariak 2017ko txotx bolada ireki du Astigarragako Zapiain sagardotegian, XXIV. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean. Aldez aurretik, sagarrondo berri bat landatu du Sagardoetxeako sagastian.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da Sagardoetxean prentsaurrekoarekin eta bertan izan dira Zorione Etxazarraga (Astigarragako Alkateordea), Alfredo Retortillo (Eusko Jaurlaritzako Turismoa, Merkataritza eta kontsumoko Sailburua), Denis Itxaso (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako Diputatua), Ainhoa Aizpuru (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko, Landa inguruneko eta Lurralde orekako Diputatua), Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordea), Joxe Angel Goñi (Sagardoaren Lurraldeako sagardogileen bozeramailea) eta Eneko Atxa sukaldaria.

Prentsaurrekoaren ostean, Eneko Atxak sagarrondo berri bat landatu du Sagardoetxeako sagastian eta ondoren, ekitaldiko unerik garrantzitsuena iritsi da: Astigarragako Zapiain sagardotegian “Gure Sagardo Berria” esanda, Etxeko Atxa sukaldariak lehen kupela ireki du eta honekin batera, 2017ko sagardo denboraldi berria ireki da.

Sagardoa
2016ko uztak Euskal Herrian 12,5 miloi litro sagardo inguru ekoiztea ahalbidetu du, iazkoaren antzeko kopurua.
Sagardo dastaketa:
– Aurreko urteetako sagardoak baino kolore gehiago dauka uztaren ezaugarri tanikoak direla eta.
Gorputz handiko sagardoa da, ahoan lehortasun ona ematen duena.
– Eraberean sagardo natural oso aromatikoak dira, zitriko usainetatik hasi eta fruitu helduaren usainetarako iritsiz sagardotegi bakoitzak egindako barietateen nahasketen arabera.
– Orokorrean, oso sagardo afrutatua da, edalontzian txinparta ezin hobea duena.
– 2016ko sagardoak edan errazak eta amaiera lehor eta ederrekoak dira.