Bertsoalritza eta sagardoaSagardoaren munduak orohar islada handia izan du eta du euskal kulturan, bai idatzizko formatoetan, ikus-entzunezkoetan eta baita ahozkotasunean ere. Artikulu honetan bertsolaritzarekin izan duen erlazioa eta edukien aipamenak aztertzen ahalegindu naiz. Abiapuntua Manuel Lekuona (Oiartzun, 1894 – Oiartzun, 1987) maisuaren Aozko literatura liburua izan da[1]. Lekuonak ahozko literaturaren historia egiterakoan sagardotegiek bertsogintzaren zabalkundean izan zuten garrantzia azpimarratzen du. Alde batetik, XIX. mendearen bukaeran sagardotegietan antolatzen ziren bertso lehiaketak aipatzen ditu eta jendea sagardotegietara erakartzeko bide bat izan zirela defendatzen du. Sagardogileek bertso lehiaketak antolatzen omen zituzten eta sagardotegien inguruko herrietan bertsoak entzutera joateko ohitura sortu zela dio. Oiartzungo Zuloaga Errotako Juan Kruz errotariaren adibidea aipatzen du. Lehiaketak antolatzeaz gain, Lekuonak sagardotegien bigarren funtzio bat ere nabarmentzen digu, hain zuzen bertsolaritzaren lehen eskolak izatearena. Adibide moduan Hernanin Udarregi (Aia, 1829 – Udarregi Usurbil, 1895) eta Pello Errotak (Asteasu, 1840 – Asteasu, 1919) egindako bertsoak ditugu[2]:

“Pello Errota
lagunduko al-digu
guziyon jabiak;
berak eman dizkigu
abilidadiak…
Asitzera dijuaz
predikadoriak
sekula ixtudiatzen
ibili gabiak

Asiyera eman du
Pello Errotariyak
errespuesta orain
Juan Joxe Uarregiyak
Batek ainbat deretxo
daukagu guk biyak;
gure kolejiyuak
sagardotegiyak”

Manuel Lekuonarekin batera Antonio Zavalak Auspoa sailean argitaratu zituen lanetan ere ikuspuntu interesgarriak azaltzen zaizkigu. Zavalak alde batetik, sagardotegiak lagun taldetako giroarekin lotzen ditu. Jan-edanaren bertsoak II liburuan, Tolosako Timoteo Adurriaga zenaren eskuz idatzitako koadernoko bertsoak jaso zituen.  Bertan badira zenbait pasarte Tolosako sagardotegietako lagun giroari buruzkoak[3]:

“Biba tolosar gazte,
biba gure kuadrilla,
urte askuan ondo
konserba dedilla;
sagardua egiten
gerade abillak,
eta edaten gera
guztiz egokiyak”

Badira ere, Astigarragatik oso hurbil jasotako testigantzak, non Urumea bailarako giroa azaltzerakoan sagardoa ezinbestekoa izaten zen.  Horrela jasotzen du Pablo Zubiarrain (Hernani, 1912) “Ernani txikia” izenekoak Ia kantatuz bezala liburuan: “Ni mutil koxkorra nintzala, Urumea ingurua ortan, ia denak bertsotan aritzen ziran, tabernara joan ezkero. Afizio izugarria zan. Orduan barrio alaia zen gurea. Gabean, goiz aldera arte sagardotegian kantari. Beste mundu bat, beste sanidade bat, beste gauza bat”[4]

Sagardoari dedikatu zizkion bertsoen artean, sagardotegiak nostalgiaz aipatzen ditu:

“Sagardotegi maitagarriak,
beti zaituzten goguan,
zuen barruan neguan antxe
egoten nintzan zeruan.
Zar eta gazte danak bildurik
upeltxoaren onduan,
bertsolariak ederki daki
zenbat gozatzen genduan”[5]

Hernani bertako beste adibide esanguratsu bat Nikolas Lujanbiorena da. Lujanbiotarrak lau senide izan ziren: Juan Jose, Nikolas, Martina eta Anjel. Bi zaharrenak Hernaniko Abillats baserrian jaioak eta Anjel, berriz, Donostiako Basozabal baserrian, Oriamendi eta Astigarraga artean, gaurko golf zelaiaren lurretan. Nikolas, Argentinara joan zen lan bila eta han bizi izan zen ia bizitza osoan. Antonio Zavalak Iru anai bertsolari: Saiburu’ko Juan Jose, Nikolas eta Anjel Lujanbio liburuan jaso zituen hiruren bertsoak eta azpimarratzekoak dira Nikolasek Argentinan zegoela sagardoari buruz egindakoak:[6]

Gaztetako kontuak
dauzkat nik gogotan,
pentsatzen egoten naiz
alperrik prankotan;
len gauza merke bazan
Gipuzkoa ortan:
pitxarra sagardua
amar xentimotan

Bestalde, XIX.mende bukaerako bertsoetan, behin eta berriz sagardoaren kalitate ona, alde onuragarriak aipatzen dira. Adibideen artean Ramon Artola (Tolosa, 1831 – Donostia, 1906) Sagardoaren graziya II liburuan eta Pedro Mari Otaño Sagarra eta sagardoa argitalpenarekin ditugu.

Hala ere, Antonio Zavalak idatzitako bildumetan bada sagardoaren kalitate txarra aipatzen duen bertsolari ezezagun bat[7]:

“(…) Enpeñatu da aurten
aguaderua
urari altxatutzenez duen gradua;
galtzeko bildur gabe
nork bere burua,
askok edan bear dik
sagardo klarua”

Oharra: artikulu honetarako oso baliagarrai izan zaigu Bertsozale Elkarteko Xenpelar Dokumentazio Zentroan <http://www.bertsozale.com/eu/xenpelar> lortutako informazioa. Bestalde, Auspoa bilduma digitalizatua eskuragarri dago Euskaltzaindiaren webgunean <http://www.euskaltzaindia.net/auspoa>

 

Iturria: Sagardoaren Lurraldea 32 Boletina.
Egilea: Arantxa Arzamendi (Udal Liburutegi Nagusia Donostia).

 


[1] Manuel Lekuona: Aozko literatura. Idazlan guztiak. Kardaberaz bilduma. 1978

[2] Manuel Lekuona: Aozko literatura. Idazlan guztiak. Kardaberaz bilduma. 1978

[2]257. orrialdea

[3] Antonio Zavala: Jan-edanaren bertsoak II. Auspoa 155, 1982. 131. orrialdea.

[4] Pablo Zubiarrain “Ernani txikia”: Ia kantatuz bezala, Auspoa 190, 1985, 13. orld.

[5] Pablo Zubiarrain “Ernani txikia”: Ia kantatuz bezala, Auspoa 190, 1985,51. orld.

[6] Antonio Zavala: Iru anai bertsolari: Saiburu’ko Juan Jose, Nikolas eta Angel Lujanbio. Auspoa 73, 1968, 135 orl.

[7] Antonio Zavala, Jan Edanak I, Auspoa 1954, 1982, 81. orrialdea