Velas manzanas y pinoAbenduko zubi honetan, urte sasoi honi dagozkion usadio zaharrak berreskuratuko dira Sagardoetxean: batetik, gabonetako pinua apainduko da sagar eta kandelekin eta bestetik, sagardo berridun barrikotearen dastaketa eskainiko da gaztaina eta sardina zaharrekin lagunduta.

“Debekatutako fruitua argitan”, gabonetako pinuaren apainketa

Gabonetako festen atarian gaude eta pinuek etxe nahiz kaleak apainduko dituzte datozen asteetan. Jatorri alemaniarra duen kristau usadio honek 1.400 urte baino gehiago dauzka. Jatorriz, pinuak sagarrekin (tentaldiaren ikurra) eta kandelekin (argiaren ikurra) apaintzen ziren. Denborarekin, ordea, sagarrak eta kandelak bola, argi eta beste apaingarri batzuengatik aldatu dira eta haurrei opariak uzteko usadioa gehitu zaio.

Abenduko zubi honetan usadio zahar hau Sagardoetxeara ekarriko da.  Gabonetako pinu bat jarriko da  sagar eta kandelekin apainduta eta museora gerturatzen diren bisitariek beren sagarrak dekoratu, urte berrirako desioak idatzi, pinuan zintzilikatu eta kandelak pizteko aukera izango dute. Pinuaren ondoan, Sagardoetxeako Olentzero egongo da haurren gutunak jasotzeko.

“Barrikotea gaztaina eta sardin zaharrekin”, dastaketa berezia

Barrikotea-2008-0001Urtero bezala, sagardoaren kulturako usadio zaharrenetarikoa dena ere gogora ekarriko da: barrikotea. Aintzinan, sagardogintzako lanak bukatu ostean, barrika bat muztioarekin betetzen zuten. Bi aste beranduago, bizilagunek festa bat ospatzen zuten barrikotea gaztaina eta sardin zaharrekin lagunduta dastatzeko.

Hala, bisitariek beren sagarrak, desioak eta kandelak pinuan zintzilikatu ostean, sagardo berridun barrikotea gaztaina eta sardina zaharrekin lagunduta dastatzeko aukera izango dute Sagardoetxean.

Ordutegiak:

–    Abenduak 6 eta 7: 11:00-13:30 eta 16:00-19:30.
–    Abenduak 8: 11:00-13.30.

Tarifak:

–    Sagardoetxeako bisita + Pinuaren apainketa + Barrikotea gaztaina eta sardina zaharrekin: 5€ pertsonako.
–    Sagardoetxeako bisita + Sagardotegian bazkaria: 33,50€ pertsonako.