Udaberrian sartzearekin batera, Sagardoaren Lurraldeko sagarrondoak loratzen hasi dira eta sasoi hau ospatzeko, datozen hilabeetarako hainbat ekitaldi antolatu dira Sagardoetxean.

Antolatutako ekimenen artean, azpimarratzekoak dira udaberriko Sagardoetxeako bisitak. Garai honetan polinizazio prozesuaren inguruko azalpenak ematen dira museoan, sagardoaren ekoizpenaren alderdi ezezagun bezain garrantsitsua dena, eta bisitariek sagarrondoek eskaintzen duten paisaiaz gozatzeko aukera izaten dute, naturarekin kontaktuan.

Bisita gidatu hauetaz gain, maiatzaren 6an sagastien loraldia ospatzeko udaberri festa ospatuko da Sagardoetxean honako jarduerekin:

12:00-13:30: “Loreekin egindako bitxigintza tailerra” loreekin eskumuturrekoak egiteko
Sagastien loraldia ospatzeko, loreekin apaingarriak egiteko familientzako tailerra ospatuko da Sagardoetxean Idoia Lizeaga bitxigilearen eskutik. Jarduera doakoa izango da, baina aurrez izena ematea beharrezkoa da. Izen-emateak: info@sagardoetxea.com / 943550575

17:00: “Inaxiren istorioak” ikuskizuna sagastian
Musika, dantza eta antzerkia uztartuko dituen “Inaxiren istorioak” ikuskizuna ospatuko da Sagardoetxeako sagastian. Ikuskizun honetan Astigarragako hainbat talde kulturaletako haurrek parte hartuko dute: Norberto Almandoz Musika Eskola, Astigarragako Antzerki Eskola eta Astigar E.O.E.ko dantzariak.
* Oharra: eguraldi txarra eginez gero, ikuskizuna ikastolako patioan ospatuko da.