Kupel eta sagarrondo artean hazi zen Argoitz Otaño enologoa. Petritegi baserrian sagardoa lantzen duen seigarren belaunaldiaren parte da, eta aurrekoek bezala ia dedikazioa osoa eskaini dio sagardo naturalari. Orain bide berriak urratzen ari dira, merkatuak dioenera jo eta leku desberdinetan egoteko aukera izateko dibertsifikatuz.
Zein garrantzia du zuentzat nazioarteko sagardo lehiaketetan parte hartu, eta saria lortzeak?
Gure apustuetako bat sagardo naturaletik atera eta dibertsifikatzea da. Produktu horiek ezagutarazteko oso garrantzitsuak dira, erakusleiho bat dira. Eta sariak gure lantaldeak egindako esfortzuari aitortza dira. Asko pozten gaitu eta jarraitzeko amua dira.
Sagar-bakarrarekin egindako hiru sagardo aurkeztu berri dituzue: Alai, Ausart eta Suhar. Zein bereizgarri dute eta nondik datozkie izenak?
Sagardo naturalak dira, baina lanketa tekniko sakonagoa dute. Duela urte batzuk depositu txikitan laginketa batzuk egin, eta iaz interesgarrienak martxan jarri genituen. Gure sagarrak eta Euskal Sagardoko bi hornitzailerenak erabili ditugu. Sagardo bakoitzari emozio bat eman diogu, sagarraren ezaugarriei lotuta. Alai, Txalakarekin egina da. Berdea da, baina heltzen doanean marra horixkak ateratzen ditu, horregatik, lakrea eta kortxoa horixka dira. Gazia, zitrikoa eta ahoan garraztasuna uzten du. Ausart, beranduago datorren eta erabat berdea den Urtebi haundi sagarrarekin egina da, kortxo eta lakre berdea ditu. Ahoan gazitasuna uzten du, garraztasun oso markatua; baina, aldi berean, bolumen handiko gorputza. Ez da hain luzea, baina potentea da. Azkenik, Suhar, Goikoetxe barietatekoa da. Goizago dator, gorrixka da eta erdi-azidoa. Aromatikoki fruta gehiago ematen du, ahoan garraztasun arina uzten du eta mikatzarekin armonia ona sortu, mikatza permanente uzten du luzeran.
“Goi mailako sagardoa ekoizteko sagastietan eta elaborazioan egiten den lana izugarria da, askok ez du ikusten eta azaleratu behar da”
Eta saritu berri izan den Sagar krash sagardoak?
Cider bat da. Sagarretik dator eta “krash”, sagarra jotzen dugulako. Sagarra guk ekoizten dugu, beste cider ekoizle askok ez bezala. Sagar fresko eta aromatiko bat da, batez ere gazia, azidoa orekatu eta gorputza emateko; eta sagarretik datorren fruta zukua gehitzen diogu. Txapa jarri aurretik karbonikoa injektatzen diogu, ahoan sentsazio orekatuagoa eta alaitasuna emateko. Erabat iragazia da, otorduz kanpo edo aperitibo bezala egokia.
Udazken Zaporez ekitaldiaren barruan, Ikatzan izandako afari maridatua gidatu zenuen. Zer harrera izan zuen bertako gastronomia eta sagardoen uztartzeak?
Ona izan zen, jendea oso gustura atera zen. Sorpresa hartu nuen, sagar-bakarrarekin egin genuen kata, eta sagardo mailan Astigarraga Gipuzkoako plaza indartsuenetako bat bada ere, jendea pixka bat harrituta edo galduta zegoen. Azalpen txikiekin eta atsegin eginda segituan ulertu zuten eta asko disfrutatu zuten produktuaz eta giroaz.
Aurreko belaunaldiek aukera gutxiago izan zituzten munduan barrena bidaiatzeko edo mundu osoko sagardoak dastatzeko, eta hori garrantzitsua da merkatua nola dagoen ikusteko”
Sagardo naturalaz gain, beste motatako sagardoak ere ekoizten dituzue Petritegin: sagardo aparduna, zaporetakoa… Ze harrera dute merkatuan? Nork kontsumitzen ditu?
Ari gara lortzen sagardo naturalak 12-15 hilabete aguantatzea, baina beste produktuek baino bizitza urriagoa du. Merkatuak dionera jo behar duzu, dibertsifikatu, leku desberdinetan egoteko. Apardunaren kasuan, ontze luze bat du eta asko saltzen ari gara Japonian. Sagar krash gazteen artean kontsumitzea errazagoa da, garagardoa bezala botilatik edan daiteke.
Petritegiko belaunaldi gaztearen parte zara anaiarekin batera. Zuekin batera aldaketak al datoz?
Familiakoak gara eta harro gaude, baina talde baten parte gara. Etengabe lanean ari gara produktu berriak ateratzeko eta dauzkagunak ahal den kalitate handienarekin egiteko. Aurreko belaunaldiek aukera gutxiago izan zituzten munduan barrena bidaiatzeko edo mundu osoko sagardoak dastatzeko, eta hori garrantzitsua da merkatua nola dagoen ikusteko.
Azken urteetan, Jatorri Izendapena dela eta, hemengo sagarrak garrantzia hartu du. Sagarrak hemen ekoizteak produktu berriak egiteko aukera ematen al du?
Petritegiren izenean 8 Ha dauzkagu eta beste 8 Ha daramatzagu, baina jabetza ez da gurea. Barietate guztiak identifikatuta ditugu, sagarraren heldutasuna eta kalitatea maximoa izateko. Lanketa barietateka eginda, sagar lehengaia hobea da. Euskal Sagardorako aukeratzen ditugunak gure bost hornitzaile onenenak dira, ekoizle profesionalak, gu bezala. Horrek laguntzen digu kalitate aldetik, eta sagar-bakarren edo apardunen kasuan, barietate ezagunak izateak.
Etorkizunera begira, bertako sagardoaren sektorea dibertsifikatzen joango dela uste duzu?
Bai. Uste dut pandemiak gogoeta eginarazi digula denoi eta mugimendu pila bat daude; ikusten da sagardotegiak urduri daudela. Sagardo naturalari kalitatea ematea oinarrizkoa da eta horrekin batera dibertsifikazioa oso garrantzitsua da sektorean, asko horretan gabiltza.
Nola irudikatzen duzu etorkizuneko sagardoa eta sagardotegia?
Sagardotik beti bizi izan gara, beste ezer ezingo genuke egin. Goi mailako sagardoa ekoizteko sagastietan eta elaborazioan egiten den lana izugarria da, askok ez du ikusten eta azaleratu beharko litzateke. Txotx garaia oso polita izan arren, hain barneratuta dago, ez garela jabetzen ze luxua den. Sagardotegira disfrutatzera joan behar dugu eta sagardo berria edatean fijatu eta gozatu, jakinda zer lan eta zer garrantzia duen sagardoak. Bodega eta bertan egiten diren produktuak ezagutzera eman behar dira eta horretarako modurik onenetakoa hori da: zure ateak zabaldu, zure historia kontatu, zer produktu dauden, dastatzera eman…
Iturria: Sagardoaren Lurraldea urtekaria 2022