Parte hartu duten sagardotegi guztiek, lehenengo aldiz, bertako sagarrarekin egin dute sagardoa

Zelaia sagardotegiak irabazi du XVII. Sagardo Lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak, eta, lehenengo sariaren irabazleak jaso ohi dituen hiru mila euro, garaikurra eta txapela ez ezik, opari berri bat ere etxeratu du: irabazlearen egiaztagiri zigilu bat, saria jaso ondorengo kanpainan erabiltzea izango duena. Bigarren eta hirugarren postuak Zapiain eta Gaztañaga sagardotegiek lortu dituzte.

Hala ere, zigilua ez da Gipuzkoako Foru Aldundia Sarien edizio honetako berrikuntza bakarra; lehenengoz, parte hartzaileek (guztira 24 upeltegi) bertako sagarrarekin bakarrik egindako sagardoak aurkeztu dituzte. Halaber, sari banaketaren ekitaldia eta amaierako dastaketa ere desberdinak izan dira lekuari eta formatuari dagokionez. Aurten, amaierako dastaketa ez da jendaurrean egin, Gastronomika elkartean, aurreko edizioetan egin izan den moduan; aldiz, Fraisoroko Nekazaritza eta Ingurumen Laborategiko instalazioetan egin da, dastaketaren baldintzak hobetzearren.

Hiru irabazleen izenak Aldundiko Jargi aretoan jakinarazi dira, Markel Olano diputatu nagusiak zuzendutako sari banaketako ekitaldian. Olanok azpimarratu nahi izan du sagardoa garrantzi handiko azpisektorea dela Gipuzkoan, ekoizpenaren ikuspuntutik zein ikuspuntu ekonomiko eta kulturaletik. «Gure lehen sektoreko sinbolo solidoenetako bat zarete, eta guretzat sagardoaren sektorea zein garrantzitsua den adierazten dute Foru Aldundiak ematen dituen diru laguntzek eta Ekonomia Sustapeneko eta Landa Inguruneko Departamentuarekin batera lantzen dugun lan ildoak; hasi sagar eta sagardo ekoizleek egindako hitzarmenetatik eta sagarrondo sail berriak landatzeko diru laguntzetatik, eta Fraisoroko gure laborategiko analisi eta dastaketa zerbitzuetaraino», azpimarratu du Olanok.

Txapelketan parte hartu duten 24 sagardotegiek, haiek beraiek egindako sagardo naturalak aurkeztu dituzte, botilatuta, aurrez Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Kontseilu Erregulatzaileak baloratu dituztenak. Aurkeztutako sagardo guztiak 2017ko uztakoak dira, eta etiketatuta eta zenbakituta daude.

2017ko sagardoaren ezaugarriak

2017ko kanpainan, Gipuzkoako sagardotegietan, 11,61 miloi litro ekoitzi dira, horien % 85, bertako sagarra erabiliz, eta, % 15, kanpokoa. Ekoizpen horri dagokion 4 miloi litro sagardok (Gipuzkoako 41 upeltegik ekoitziak) Euskal Sagardoa Jatorri Deitura lortu du.

2017ko sagar uzta historikoa izan zen, bildutako sagar kopurua ikaragarri handia izan zelako eta etekin handiko sagarra izan zelako. Sagar horiekin egindako sagardoa usaintzean, nabarmenak dira fruitu aroma eta lurrin freskoak. Sagardo arina, argia eta fina da. Oro har, denboraldi honetan, sagardo orekatua izan dugu, gorputz gutxixeagokoa eta alkohol graduazio txikiagokoa.

Aurtengo 2018. urterako, sagar uzta nabarmen baxuagoa aurreikusten da, gutxi gorabehera 2017. urtekoa baino % 40 baxuagoa.

 

Fuente: Gipuzkoako Foru Aldundia