Zapiain sagardotegia Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Sagardo Lehiaketako XXII. edizioko txapeldun izendatu dute beste behin ere. Astigarragako upategi historikoak edizio honetako irabazle dela egiaztatzen duen txapela jantzi zuen foru erakundearen egoitzan egindako ekitaldian. Bertan izan ziren Markel Olano diputatu nagusia, Xabier Arruti Nekazaritza zuzendaria eta lehiaketan parte hartu duten sagardotegietako ordezkariak.

Saria hunkituta jaso zuen Egoitz Zapiainek, upategiko hirugarren belaunaldiko kideak eta ekoizpen arduradunak. Azpimarratu zuenez, “gure lote guztietan ahalik eta kalitate goreneko sagardoa ekoizten saiatzen gara, iraunkortasuna mantenduz eta gustuko dugun sagardoa ekoitziz”. Horretarako, “ez dago eguneroko lana beste sekreturik, baina lehengai ona ere ezinbestekoa da. Hori gure sagar hornitzaileengandik lortzen dugu, eta horregatik haiekin partekatu nahiko nuke sari hau”.

Zehazki, Tolosako Ezeizabarrena baserria aipatu zuen Zapiainek, eta haien sagarrekin egiten duten Joanes de Zapiain izeneko sagasti bakarreko sagardoa. Topatutako zenbait dokumentuk egiaztatzen dutenez, XVI. mendean dagoeneklo sagardoa ekoizten zuen arbasoaren omenez jarri zitzaion izena. Hain justu, lursail bakarreko sagardo honek aipamen berezia jaso zuen beste sagardo berezi batzuekin batera, hala nola barietate bakarrekoak edo bikoak nahiz amaren gainean edo haritzetan ondutakoak.

Egoitz Zapiainen esanetan, “Euskal Herrian mendez mende hautatuak izan diren sagardo sagar bikainak ditugu, jolasteko eta kalitate handiko sagardoak egiteko aukera asko eskaintzen dizkiguten ezaugarriekin. Hori da gure altxorrik handiena, eta babestu behar dugu”.

Ildo berdinetik egin zituzten adierazpenak Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak eta Xabier Arruti Aldundiko Nekazaritza zuzendariak, foru erakundeak azken urteotan sagasti berriak landatzeko eskaini dituen laguntzak gogorarazik. Lan horri esker, gaur egun 500 hektarea sagardo sagarrondo baino gehiago daude kontseilu arautzailean erregistratuta.

EZAUGARRI ORGANOLEPTIKOAK

Albistea ezagutu ostean, Astigarragako upategitik Ion Zapiainek ere bere poza adierazi zuen. Haren esanetan,”produktuaren kalitate gorenaren bila egindako urte askotako lanaren aitortza da hau. Lan hau gure aitona Nicolas Roxario Zapiainek hasi zuen, 1964an zurezko upategia eraiki zuenean, sagardoaren aldeko apustua eginez produktuak bere historiako garai zailenak bizi zituen unean. Eta bere seme-alabek jarraitu zioten, nire aita Miguel Zapiain buru zutela, euskal sagardoaren sektoreko lehen enologoa hain zuzen. Hark kalitatearen aldeko apustu garbia egin zuen, eta balore horiek lantzen jarraitzen dugu gaur egun ere”.

Izan ere, Zapiainen profil organoleptiko oso zehatzeko sagardoak egiten saiatzen dira, eta horietan usain eta zapore nobleak, garbitasuna eta fruitu izaera nagusitzen dira. Horri esker, Zapiainen sagardoak edateko errazak, trago luzekoak eta kontsumitzaile ororentzat atseginak izan ohi dira. Hori guztia, euskal plater entzutetsuenak laguntzeko ezinhobea bihurtzen duten konplexutasun aromatikoa eta izaera gastronomikoa galdu gabe.

Hain zuzen ere, ezaugarri horiek gorde eta onenean gozatzeko, aurten berrikuntza bat gaineratu du Zapiain sagardoak bere botilatan. Aurrerantzean, tapoi kiribildu edo erroskakoarekin topatuko ditu sagardozaleak, eta botilaren lepoan kokatutako zerbitzagailu batekin. Tapoiak, bestelako tresnarik gabe irekitzea eta ixtea errazteaz gain, sagardoaren ezaugarriak hobeto gordetzen ditu itxiera guztiz hermetiko baten bidez. Isurgailu integratuak, bestalde, edaria altuera jakin batetik eroso zerbitzatzeko aukera eskaintzen du eta kutsadura gurutzatua saihesten du, erabilera bakarrekoa baita eta ez baita beharrezkoa eskuz manipulatzea.

Iturria: Zapiain sagardotegia