Euskadi Turismok,  www.turismo.euskadi.net orrialdearen bitartez turisten Euskal Herriko egonaldiaz gozatzeko esperientzia ezberdinak proposatzen ditu. Euskadiko TOP esperientzietako bat “Sagardoak gustu hobea du zeuk aukeratzen duzunean” deiturikoa da eta bertan, sagardoaren kulturaz gozatzeko aukera eskaintzen duten 3 esperientzia proposatzen dira: “txotx garaia“, “sagardoaren kultura” eta “sagardoa denboran zehar“.

1) Txotx garaia:  Sagardotegi bat aukeratzea besterik ez duzu. Gainerakoa erraz-erraza da. Menua oso antzekoa da toki guztietan: bakailao-tortilla; bakailaoa, frijituta, saltsan edo piperrekin; txuleta, txingarretan erreta, eta, gainean, gazta, irasagarrarekin eta intxaurrekin; nola ez, guztia sagardo goxo eta freskagarri batekin bustita, adiskidetasunezko, familia erako eta jostetazko giro batean.

Bada kanpotarrak biziki erakartzen dituen ohitura bat: nahiz eta adiskideekin afaldu, azkenean han diren gainerako afaldarrekin berriketan eta pasadizoak partekatzen bukatzen da gaua; izan ere, sagardotegi askotan zutik jaten da oraindik.

2) Sagardoaren kultura: Sagardoa egiteko prozesua ezagutuko duzu, eta erabiltzen diren sagar motak bereizten ikasiko duzu. Sagardoaren kulturan bete-betean sartuta zaudenean, menu tipikoa dastatzea gomendatzen dizugu urte osoan irekita dagoen sagardotegietako (jatetxea dute) batean. Astigarragako Sagardoetxea eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserria bisitatzea gomendatzen dizugu.

3) Sagardoa denboran zehar: Hernani oinez deskubritzen hasiko gara: etxe zuriak eta armarriak, giroa, txikiteoa eta txarangak; gida batekin batera, haren kaleetatik ibiliko gara. Ondoren, trena hartuko dugu sagardotegi batera joateko; bidaian, XV. mendeko haran sistema, hirien elikagai sistema eta mendeetan zeharreko sagardoaren historiaren berri emango digute. Sagardotegira iritsitakoan, jabeek ateak irekiko dizkigute eta euskal sagardoa nola egiten den erakutsi, dastatzea nola egiten den irakatsi eta gure sagardoa besteetatik bereizten duena, alegia, txotxa, zertan datzan azaldu egingo digute.

Ikusi bideoa: Euskadiko esperientziak

Iturria: http://turismo.euskadi.net