Euskal Sagardoa jatorri-deiturak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta HAZI Fundazioak sustatutako ‘Terraza garaia, Euskal Sagardo garaia’ promozioa aurkeztu zen apirilaren 27an. Prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Euskal Sagardoa jatorri-deiturako koordinatzaile Unai Agirrek eta Ostalaritza Elkarteko lehendakariorde eragile Iñaki Illarramendik hartu zuten parte.

Ostalaritza Elkartearen eta HAZI Fundazioaren ‘Kalitatea’ proiektuaren barruan dagoen ‘Terraza garaia, Euskal Sagardo garaia’ egitasmoak Gipuzkoa osoko ostalaritza establezimenduen terrazetan Euskal Sagardoa jatorri deitura duten sagardoen kontsumoa sustatzea du helburu. Horretarako, apirilaren 27tik maiatzaren 13ra arte, Gipuzkoak 45 jatetxe eta tabernek Euskal Sagardoa (edalontzian edo botilan) eskainiko dute haien establezimenduetan pintxo edo errazio batekin batera.

Promozioak ikusgaitasuna izan dezan, kartelak, triptikoak, eskuorriak, kubiterak, arbelak eta beste zenbait material diseinatu dira, establezimenduen barrualdean eta terrazetan jartzeko. Gainera, kanpainak irauten duen bitartean, zozketak egingo dira eta terraza hauetan Euskal Sagardoa eskatzen dutenek bi sagardo botilako lote bat irabazteko aukera izango dute.

Zer da Euskal Sagardoa jatorri deitura duen sagardoa?
Euskal Sagardoa jatorri-deitura duen sagardoa %100 bertako sagarrarekin egina dago eta kalitate bermea du. Sagardoak Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako zigilua eta numerazioa izan ditzan, analitikak eta panel organoleptiko bat pasa beharra dauzka. Prozesu osoa HAZI Fundazioak ziurtatzen du, hasi sagastitik eta botilara arte.

Euskal Sagardoen dastatzeak
‘Terraza garaia, Euskal Sagardo garaia’ promozioaz gain, ostalariei zuzendutako Euskal Sagardoen hainbat dastatze antolatu dira. Donostian, Errenterian, Ordizian eta Azpeitian ospatu dira jada eta datozen asteetarako hurrengo hauek antolatu dira:

  • Maiatzak 8: Usurbil (Sutegi kultur etxea)
  • Maiatzak 22: Irun (Casino jatetxea)
  • Maiatzak 29: Tolosa (Txinparta Elkartea)

Ikusi “Terraza garaia, Euskal sagardo garaia” egitasmoan parte hartzen duten establezimenduen zerrenda

Iturria: www.euskalsagardoa.eus