SektoreaKalitatezko sagardoaren ekoizpena, bertako sagar barietateen sustapena eta babesa eta Jatorrizko Deitura lortzea, sektorea eta instituzioen apustu nagusiak.

Sagardoaren sektorerako Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpenak eta babesa (Gipuzkoako Foru Aldundiko Fraisoroko Laborategia)

Azterketa fisiko-kimikoak
2015ean azterketa fisiko-kimikoak egiteko sektoreak Laborategira bidali dituen laginen kopurua%11 handitu da 2014 urtearekin alderatuta. Zehazki, 5.700 sagardo lagin baino gehiago jaso ditu laborategiak eta 28.000 parametro baino gehiago aztertu dira (pH, garraztasuna, azido azetikoa, dentsitatea, etab.).

Azterketa sentsorialak
Sagardoaren Dastaketa Panelean, 2014. urtean baino %57 lagin gehiago dastatu dira. Denera 118 dastaketa saioa izan dira eta 940 sagardo baino gehiago dastatu dira. Une honetan sagardoa dastatzeko 25 dastatzaile aditu daude. Sagardotegi gehienetako laginak dastatu dira. Sagardoa dastatzen daramagun 3 urte hauetan 2.000 lagin baino gehiago dastatu dira.

Sagardoa eta sagarraren inguruko ikerketa ezberdinak
Foru Aldundiko Landare Alorreko Unitatearekin elkarlanean, lan ezberdinetarako sagardoa ekoiztu da aintzinako laborategia kokatua dagoen eraikineko upeltegi txikian:
• Legamiak. GFA-ren Zubietako lursailetako sagastietan 234 sagarren laginak jaso ziren eta 11 legami ezberdin hautatu ziren. Azaroan zuku naturalak legami hauekin irakiten jarri ziren eta laster ezagutuko dira emaitzak.
• Sagardoen mikrobiologia. Sagardoan dauden mikroorganismo ezberdinak aztertzen eta sagardoaren kalitate eta akatsetan duten eragina aztertzen hasi da.
• Sagardoaren profila, bilketa momentuaren arabera. Sagarra bildu aurretik sagarrean aurkitzen den almidoiaren kopurua eta lortu nahi den sagardoaren artean dagoen lotura egiaztatu da.
• Sagardoaren profil aromatikoa. Sagardoari ezaugarri sentsorial positiboak ematen dizkieten B-damascenona edo isoamilo azetatoa bezalako molekula ezberdinak identifikatzeko (konposatu kimikoak) lanak burutu dira.

Sagardoarentzako Babestutako Jatorrizko Deitura
Gaur egun euskal sagardoak “Gorenak” eta “Eusko Label” kalitatezko bi zigilu dauzka, lehendabizikoa pribatua eta ofiziala bigarrena eta sagastien hobekuntzaren aldeko eta bertako sagardo sagarren landaketaren sustapenaren aldeko apustua egin dute, baina gaur egun ez dago sagardoarentzako Babestutako Jatorrizko Deiturarik.

Eusko Jaurlaritza “epe ertainean” Euskal Herriak Babestutako Jatorrizko Deiturako edo Babestutako izendapen Geografikoko sagardoa izateko lanean ari da. Horretarako nahiatezkotzat jotzen du “sektore ekoizlearen inplikazioa” eta Foru Aldundiena “Gaur egungo sagastien eta sail berrien ekoizpenerako ahalmena handitzeko”.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundia bertako sagarren landaketaren aldeko apostua egiten ari da. Sagarrondoen landaketarako eta Otalarreako mintegian bertako sagar barietateen germoplasma bankua sortzeko bideratuta duen diru-laguntza programaz gain, lursailak lortzeko lanean ari da sagardo sagarren sagasti berriak landatu eta proiektuan boluntarioko sartzen diren sagardogileak bertako sagarrekin hornitzeko.

Denen ahaleginen emaitza, azken 6 urtetan ia 100.000 sagarrondo landatu izana da, baina oraindik ere kopurua ez da nahikoa gure sagardoa bertako sagarrarekin bakarrik ekoiztu ahal izateko. Hori horrela izateko beste 250.000 sagarrondo inguru beharrezkoak lirateke (ekoizpen handiko 350 hektarea inguru), hurrengo hamarkadan lor litekeen helmuga sektorearen azken urteotako joera ikusita.

Jatorri Deitura lortzea eta sagardo guztia bertako sagarrarekin ekoiztu ahal izatea, sektorerako aurrerapen garrantzitsuak izango lirateke.