Aurten koronabirusaren eraginez festa egoera berrira moldatuko da eta sagardo dastaketaz gozatzeko aukera izango da familiartean. Horretarako, uztailaren 18tik 26ra bitartean Astigarragako taberna (Beti Goxo, Bukoi, Ekaitz, Ibai Lur Bar Restaurante, Ikatza, Kizki eta Laket), denda (Astigarraga Hortz Klinika, Ezpela naturdenda, Merke Azoka, Lur jostuna eta Pastain Argazkiak), sagardotegi (Ipintza sagardotegia), jatetxe (Troya jatetxea), informazio puntu nahiz Sagardoetxea Museoan eskuratu ahal izango diren sagardo pack bereziak prestatu dira.

Koronabirusaren ondorioz ezarritako segurtasun neurriak direla eta, aurten ez da urteroko sagardo dastaketa ospatuko Foru Plazan, baina horrek ez du Astigarragan hain berezia den egun hau ospatzeko aukera eragotziko. Izan ere festa herritarren etxeetara gerturatu eta lagunartean zein familiartean Astigarragako 45. sagardo dastaketaz gozatzeko aukera emango duen pack berezi bat prestatu da.

Bertan, sagardo dastaketaz gozatzeko beharrezko guztia aurkituko dute herritarrek:
– 2 sagardo botila.
– Santa Anako irudi lehiaketan irabazle suertatu den marrazkiarekin serigrafiatutako sagardo edalontzia.
– Santa Anako zapia.
– Santa Anako liburuxka.

Argazki lehiaketa
Festa etxeetatik haratago zabaltzeko asmoz, familiartean zein lagunartean egindako sagardo dastaketen argazki lehiaketa bat ospatuko da. Uztailaren 18tik 26ra bitartean #santaana2020 traola erabilita sare sozialetan argitaratzen diren argazkiek lehiaketa honetan parte hartuko dute. Argazki guztien artean esanguratsuena aukeratu eta parte hartzen duten sagardoen lote batekin saritua izango da. Honetaz gain, argazki bilduma bat argitaratuko da sare sozialetan herritarrek sagardo egun berezi hau nola ospatu duten ikusteko.

Bideoa
Uztailaren 26an Santa Ana egunaren bideo bat argitaratuko da eguerdiko 12:00etan Astigarragako Udaleko webgune eta sare sozialetan Euskal Herriko Sagardo Egunik zaharrena denari omenaldi xume bat egiteko asmoz. Hemen izango da ikusgai:

www.facebook.com/Astigarragako
www.twitter.com/AstiarrakoUdala
www.youtube.com/channel/UCY70QwHDRG4hPY_lXfUxNuA
www.astigarraga.eus