Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastirik gehienetan, eta datozen egun eta asteetan sagar biltzen ariko dira sagasti guztietan. Sagar urte oparoa da 2023ekoa eta sagastirik gehienek sagar asko dute eta oso osasuntsua eta ale handikoa, udarako eguraldia medio. Aurreko urtearekin alderatuta, sagarra lehenago heldu da orokorrean. Sagar motak, zonaldeak, heldutasun puntuak eta sagardogileen gustuek zehaztuko dute bilketa garai zehatza, baina irailetik azarora bilduta izango da bertako sagar guztia, bai Gipuzkoan, bai Bizkaian eta baita Araban ere.
Gaur azaldu ditu datu guzti horiek Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Villabonako Otalarrea sagastian. Otalarrea Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagasti esperimentala da eta bertan dago sagardo-sagar kolekzio nagusia. Uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sagarraren inguruko inbestigazio proiektuen berri eman du sektoreak eta beren apostuen berri eman dute Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko arduradunek.
Sagar oso osasuntsua da aurtengoa, poliki-poliki haztzen eta heltzen joan dena, udarako eguraldiak medio. Iaz baino alkohol gutxiago izango du orokorrean, eta sagar mota guztientzako izan da uzta oparoa. Horrek sagardogileari lan egiteko aukera paregabea ematen dio, gustuko sagar motatatik sagarra aukeran izango baitu, gezak nahiz gaziak.
Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 6 milioi kilo pasa biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena.
Sagar Uzta, irailaren 24an Astigarragan
Irailaren 21-22-23-24an XXIII. Sagar Uzta jaia ospatuko da Astigarragan, sagarra protagonista izango duen festa. Urtero bezala, sagarraren kulturaz gozatzeko jarduera ugari izango dira lau egunetan zehar. Ekitaldiaren egun nagusia irailaren 24a, igandea, izango da. Bertan, 2023 uztako lehen muztioa dastatzeko eta uzta berriarekin topa egiteko aukera izango da Foru plazan. Horretarako, herritarrek sagar biltzea egingo dute Sagardoetxeako sagastian eta sagardogintzako lanak “baserri-dolarean”: sagar jotzea eta zanpatzea. Horretaz gain, urtero bezala sagarraren azoka izango da: sagarraren erakusketa eta dastaketa, sagardo eta muztio dastaketa, txertaketa eta abarren erakustaldiak, herriko baserritarren produktuen salmenta, trikitilariak, sagar dantza, kirikoketa, txalaparta, herri bazkaria eta afizionatuen pilota partida. Ikusi egitarau osoa.