– Ardatz: Sagar-patsa estutzen duen tresneria gora eta behera ibili ahal izateko zutabe biribil eta kiribilduna.
– Aska: Jotako sagar-patsa zanpatzeko tokia.
– Azpi-subil: Dolare-askaren azpialdean ardatzari eusten dion urkatxo tankerako egurra.
– Baldar: Sagarra matxakara bultzatzeko erabiltzen den lanabesa. Eskuarearen antzekoa da, baina hortzak izan beharrean itsua da.
– Basaerratz: Basoko hainbat landarerekin egindako erratzaren moduko tresna; dolarean iragazki gisa erabiltzen zen.
– Beratze: Jotako sagarra dolarean biguntzen uztea. Horrela, gero, estualdiaren emaitza hobetu egiten da, baita ateratzen den muztioaren legamien ahalmena ere.
– Bolandera: Matxaka edo sagarra jotzeko makina eskuz eragiten zenean, inertzia hobeto aprobetxatzeko kirtenak zituen gurpil handia.
– Dolare: Jotako sagarra estutzeko eta zukua ateratzeko erabiltzen den aparatua. Oinarrizko osagai hauek ditu: aska, ardatza, urkatxoa, txorroak, pats-oholak, giltzak eta puskak. Dolare mota sailkatu daiteke:Trakzio sistema, mugimendu sistema eta osatutako materialen arabera. Trakzio sistema: Trakzio mekaniko, trakzio animala eta eskuko trakzioa. Mugimendu sistema: Palanka edo ardatza. Osatutako materiala: Egurra, burdina, egurra eta burdina eta altzarizkoa. Aintzineko dolareen lanak egungo prentsa neumatiko edo hidraulikoek egiten dituzte.
– Erratz: Zenbait landareren adarrak makila baten muturrean lotuz egiten den tresna; dolareko aska garbitzeko erabiltzen da.
– Eskuare: Hamar edo hamabi hortz dituen zurezko haga batek eta hari zut jositako kirten batek osatutako tresna. Sagarra matxakara bultzatzeko erabiltzen da, baita estualdi bakoitzean pats mordoa hausteko ere.
– Estualdi: Dolarean patsa zanpatzen eta estutzen den aldi bakoitza.
– Ganbara: Teilatupeko solairua. Sagardotegietako areto berezi bat da, sagarra jo aurretik sagarra edukitzeko lekua.
– Garbiketa: Sagarra bildu ondoren egiten den lehen urratsa: uretan jarrita sagarra garbitzen da, eta segidan bereizi egingo dira ustelak. Ondorenean, birak ematen dituzten danborretara pasako da sagarra, eta, ura presioan botata, lokatza, hostoak eta gainerako zikinkeriak kentzen
zaizkio.
– Giltza: Dolarean patsa zanpatzeko, pats-oholaren gainean eta aska guztian zehar zabalduta jartzen diren zur pusketetako bakoitza. Mutur bakoitzean heldulekua dute.
– Haga: Dolarea ardatzean gora eta behera estutzeko edo askatzeko erabilitako makila.
– Joaldi: Dolarean prentsatzeko sartzen den sagar kopurua.
– Kantalera: Patsak alde egin ez dezan dolareko aska inguratuz ezartzen den zurezko horma.
– Karraka: Dolarean sagarra eskuz estutzeko sistema mekanikoa. Badirudi sortzen zuen zaratarengatik jarri ziotela izen hori.
– Malakatea: Animalia-trakzioz sagarra jotzeko sistema; matxaka aberearen indarrarekin mugitzen da.
– Mandio: Baserrietan, ukuilu gaineko gela zabala; bertara sartzeko egiten zen zubi edo aldapa antzekoa.
– Matxaka: Sagarra jotzeko makina. Makinan sagarra lehertu ahala, sagar-patsa askara joaten da.
– Neurri: Pisua neurtzeko erabiltzen zen zurezko ontzia, bi kirtenekoa. Ontzi hau betetzeko behar den sagar multzoak 50 kilo inguruko pisua du.
– Onil: Sagardoa barrikara edo upelera sartzeko erabiltzen zen zurezko ontzi txiki biribila. Erdialdean burdinazko tutu bat zuen, barrika edo upelaren zuloan sartuz sagardoa botatzeko.
– Pala: Patsa mozteko eta hartzeko tresna. Altzairuzko lauki bat da, kirtenez hornitua.
– Pats: Sagarra jo ondoren geratzen den sagar txikitua.
– Pats-ohol: Patsa zanpatzeko txorroaren gainean jartzen diren oholetako bakoitza.
– Pats-zulo: Pats zanpatua eta lehortua gordetzeko zuloa.
– Pisoi: Sagarra jotzeko erabiltzen zen zurezko mailu handia. Kirten luzea zuen, eta goitik behera joaz lehertzen zuen sagarra.
– Puska: Giltzaren gainean patsa zanpatzeko jartzen diren zurezko laukietako bakoitza.
– Sagarra jotze: Eskuz nahiz mekanikoki sagarra lehertzea.
– Sare: Dolarearen askan kantaleraren parean jartzen den zurezko listoiez egindako egitura bilbatua. Muztioaren jarioa, askatik tinara, errazten du.
– Tina: Dolarean patsa estutuz ateratzen den isurkaria biltzen duen ontzia.
– Trabes: Sagarra txikitzeko tresna. Metalezko bi lauki gurutzatuk eta kirten batek osatzen dute.
– Txorro: Sin. hodi. Patsaren gainean jartzen den zurezko ubidea, patsa zanpatzerakoan sagarraren zukua hortik joan dadin.
– Uhal: Dolareetan, hainbat lanetarako (zanpatzeko, ponpatzeko…) motor-indarraren transmisioa egiten duen larruzko zinta.
– Urkatxo: Erdian ardatzarentzat zulo kiribildua duen zurezko laukia.
– Zanpatze: Dolare edo prentsa mekanikoan, hidraulikoan edo pneumatikoan patsa estutzea, sagar-muztioa ateratzeko.
________________
Iturria: Sagardoaren Lurraldea Boletina 36
Egileak: Miel Joxe Astarbe y Urkiri Salaberria (Sagardoaren Hiztegia)