malakateaArdatz: Sagar-patsa estutzen duen tresneria gora eta behera ibili ahal izateko zutabe biribil eta kiribilduna.

Aska: Jotako sagar-patsa zanpatzeko tokia.

Azpi-subil: Dolare-askaren azpialdean ardatzari eusten dion urkatxo tankerako egurra.

Baldar: Sagarra matxakara bultzatzeko erabiltzen den lanabesa. Eskuarearen antzekoa da, baina hortzak izan beharrean itsua da.

Basaerratz: Basoko hainbat landarerekin egindako erratzaren moduko tresna; dolarean iragazki gisa erabiltzen zen.

Beratze: Jotako sagarra dolarean biguntzen uztea. Horrela, gero, estualdiaren emaitza hobetu egiten da, baita ateratzen den muztioaren legamien ahalmena ere.

Bolandera: Matxaka edo sagarra jotzeko makina eskuz eragiten zenean, inertzia hobeto aprobetxatzeko kirtenak zituen gurpil handia.

Dolare: Jotako sagarra estutzeko eta zukua ateratzeko erabiltzen den aparatua. Oinarrizko osagai hauek ditu: aska, ardatza, urkatxoa, txorroak, pats-oholak, giltzak eta puskak. Dolare mota sailkatu daiteke:Trakzio sistema, mugimendu sistema eta osatutako materialen arabera. Trakzio sistema: Trakzio mekaniko, trakzio animala eta eskuko trakzioa. Mugimendu sistema: Palanka edo ardatza. Osatutako materiala: Egurra, burdina, egurra eta burdina eta altzarizkoa. Aintzineko dolareen lanak egungo prentsa neumatiko edo hidraulikoek egiten dituzte.

Erratz: Zenbait landareren adarrak makila baten muturrean lotuz egiten den tresna; dolareko aska garbitzeko erabiltzen da.

Eskuare: Hamar edo hamabi hortz dituen zurezko haga batek eta hari zut jositako kirten batek osatutako tresna. Sagarra matxakara bultzatzeko erabiltzen da, baita estualdi bakoitzean pats mordoa hausteko ere.

Estualdi: Dolarean patsa zanpatzen eta estutzen den aldi bakoitza.

Ganbara: Teilatupeko solairua. Sagardotegietako areto berezi bat da, sagarra jo aurretik sagarra edukitzeko lekua.

Garbiketa: Sagarra bildu ondoren egiten den lehen urratsa: uretan jarrita sagarra garbitzen da, eta segidan bereizi egingo dira ustelak. Ondorenean, birak ematen dituzten danborretara pasako da sagarra, eta, ura presioan botata, lokatza, hostoak eta gainerako zikinkeriak kentzen
zaizkio.

Giltza:  Dolarean patsa zanpatzeko, pats-oholaren gainean eta aska guztian zehar zabalduta jartzen diren zur pusketetako bakoitza. Mutur bakoitzean heldulekua dute.

Haga: Dolarea ardatzean gora eta behera estutzeko edo askatzeko erabilitako makila.

Joaldi: Dolarean prentsatzeko sartzen den sagar kopurua.

Kantalera: Patsak alde egin ez dezan dolareko aska inguratuz ezartzen den zurezko horma.

Karraka: Dolarean sagarra eskuz estutzeko sistema mekanikoa. Badirudi sortzen zuen zaratarengatik jarri ziotela izen hori.

Malakatea: Animalia-trakzioz sagarra jotzeko sistema; matxaka aberearen indarrarekin mugitzen da.

Mandio: Baserrietan, ukuilu gaineko gela zabala; bertara sartzeko egiten zen zubi edo aldapa antzekoa.

Matxaka: Sagarra jotzeko makina. Makinan sagarra lehertu ahala, sagar-patsa askara joaten da.

Neurri: Pisua neurtzeko erabiltzen zen zurezko ontzia, bi kirtenekoa. Ontzi hau betetzeko behar den sagar multzoak 50 kilo inguruko pisua du.

Onil: Sagardoa barrikara edo upelera sartzeko erabiltzen zen zurezko ontzi txiki biribila. Erdialdean burdinazko tutu bat zuen, barrika edo upelaren zuloan sartuz sagardoa botatzeko.

Pala: Patsa mozteko eta hartzeko tresna. Altzairuzko lauki bat da, kirtenez hornitua.

Pats: Sagarra jo ondoren geratzen den sagar txikitua.

Pats-ohol: Patsa zanpatzeko txorroaren gainean jartzen diren oholetako bakoitza.

Pats-zulo: Pats zanpatua eta lehortua gordetzeko zuloa.

Pisoi: Sagarra jotzeko erabiltzen zen zurezko mailu handia. Kirten luzea zuen, eta goitik behera joaz lehertzen zuen sagarra.

Puska: Giltzaren gainean patsa zanpatzeko jartzen diren zurezko laukietako bakoitza.

Sagarra jotze: Eskuz nahiz mekanikoki sagarra lehertzea.

Sare: Dolarearen askan kantaleraren parean jartzen den zurezko listoiez egindako egitura bilbatua. Muztioaren jarioa, askatik tinara, errazten du.

Tina: Dolarean patsa estutuz ateratzen den isurkaria biltzen duen ontzia.

Trabes: Sagarra txikitzeko tresna. Metalezko bi lauki gurutzatuk eta kirten batek osatzen dute.

Txorro: Sin. hodi. Patsaren gainean jartzen den zurezko ubidea, patsa zanpatzerakoan sagarraren zukua hortik joan dadin.

Uhal: Dolareetan, hainbat lanetarako (zanpatzeko, ponpatzeko…) motor-indarraren transmisioa egiten duen larruzko zinta.

Urkatxo: Erdian ardatzarentzat zulo kiribildua duen zurezko laukia.

Zanpatze: Dolare edo prentsa mekanikoan, hidraulikoan edo pneumatikoan patsa estutzea, sagar-muztioa ateratzeko.

________________

Iturria: Sagardoaren Lurraldea Boletina 36
Egileak: Miel Joxe Astarbe y Urkiri Salaberria (Sagardoaren Hiztegia)