Zapiain sendia gutxienez XVI. mendetik dago lotuta sagardogintzari. Hala ere, berrikuntza eta ikerketa sagardotegi honetan oso errotuta daude. Astigarragan kokatutako upategi honetan ekoizten dituzten produktuekin maila gorena erdiesten ahalegindu dira etengabe 1960 hamarkadatik. Eta ahalegin horrek berriz ere jaso du aitorpena aste honetan, The World’s Best 50 Restaurants zerrendaren baitan munduko gastronomia irauliko duten 50 gazteen artean hautatu baitituzte Ion eta Mikel Zapiain anaiak.
Sagardoa joera da berriz, oraingoan Zapiain sagardotegiaren eskutik. The World’s Best 50 Restaurants entzutetsuak, munduko 50 jatetxerik onenen zerrenda argitaratzen duenak, etorkizuneko gastronomia eraldatuko duten 35 urtetik beherako 50 gazte hautatu berri ditu. Horien artean daude Ion eta Mikel Zapiain anaiak, Astigarragako upategiko belaunaldi berrien erakusle.
Zerrenda ospetsuak aurten lehenengo aldiz argitaratu du 50Next izeneko aitortza, egiteko modu berezi eta interesgarrien bidez gastronomiaren mundua eraldatzen ari diren 50 pertsona gazte aurkezteko. Sari honek pertsona guztiak maila berdinean aitortzen ditu, eta zazpi kategoriatan banatuta dago. Zapiain anaiak jokoaren arauak aldatzen ari diren ekoizleen artean izan dira sarituak.
Hain zuzen ere, anaia gazteek euskal sagardoaren sektorearen baitan oso errotuta dagoen produktua dibertsifikatzeko egindako lana azpimarratu du zerrenda honek. Ion Zapiainen esanetan, “gure upategian berrikuntza bultzatzen saiatzen gara usadioari uko egin gabe. Horregatik, azken urteotan asko ahalegindu gara produktuaren hobekuntza eta dibertsifikazioan”.
50Next zerrendak aipamen berezia egin dio Zapiain Sagardoaren produktu berritzaileenetako bati, alegia, “Bizi-Goxo” izotzezko sagardoari. Bertako Errezil sagarrarekin egindako sagardo gozoa da, uzta berantiarreko ardoen erara ekoizten dena. Jan aurreko edo azkenburuko bezala edan daiteke, eta oso ongi laguntzen ditu foie-a bezalako plater koipetsuak.
Hori ez da, ordea, Zapiain sagardotegiak azkenaldian merkaturatu duen berrikuntza bakarra. Ohiko sagardo naturala da etxeko produktu ezagunena baina berriki “Joanes de Zapiain” izeneko sagasti bakarreko sagardoa ere aurkeztu du. XVI. mendean dagoeneko sagardoa ekoizten ari zen beren arbasoaren omenez jarri diote izena.
Zapiain sagardotegiko erronken artean, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren aldeko apustua da nagusietako bat, baita jatorria nekazaritza organikoan duten ekoizpenen bultzada ere, beren sagardo ekologikoa bezala. Gainera, Zapiainek saiakera batzuk ere egin ditu garagardo garratzen munduan, Basqueland Brewing garagardotegiarekin elkarlanean.
Sagardoa azken urteotan mundu osoan zabalpen garrantzitsua izaten ari den produktua da. 50Next-en arabera, Zapiaindarrak “ohitura zahar eta bertako usadioei lotuta egon den edari baten benetako indarra ezagutarazten ari dira”.