mar

Bertso-saioa eman zuten atzo Astigarragako Lizeaga sagardotegian, Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze bertsolariek. Sagardoa eta itsasoaren arteko harremana izan zuten hizketagai, aspaldidanik estuki lotuta baitaude biak.

XVI. mendean Ternuara joateko itsasontziak prestatzen zituzten garai honetan, martxoaren amaieratik apirilaren hasierara bitartean, hain zuzen. Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko itsasontzi asko eta asko Pasaiako portutik ateratzen ziren apirilean. Lehentxeago beraz, 8 hilabete inguru irauten zuen bidaia luzerako beharrezkoak ziren elikagai, edari eta tresnak lortzeko lanetan aritzen ziren. Eta nola ez, sagardoa izaten zen edari eta elikagai preziatuenetako bat marinel euskaldunen artean. Eguneko eta pertsonako 2 litro sagardo eramaten zituzten itsasontzian, gutxi gorabehera. Beraz, XVI. mendean sagardoa komertzializatzeko garaia izaten zen hau eta baserrietatik portuetarako merkataritza mugimendua izugarri handia izaten zen.

Gaur egun, sagardoa komertzializatzeko garaia antzekoa da (urtarriletik apirilera bitartekoa), baina modua zertxobait aldatu da. Sagardotegietan, sagardoa txotx-etik dastatu eta ezagutzeko aukera paregabea dago orain, ondoren, urte osoan zehar, botilan edan nahi den sagardoa zein izango den aukeratu ahal izateko.