Kursaal Kongresu Jauregian egin zuten I. Sagardo Forum Nazioarteko Sagardo Azoka. Bertako ekoizleek eta sagardoaren munduko erreferentziazko beste lurralde batzuetako ekoizleek ezagutzera eman zituzten beren produktuak. Bi egunetan, bisitariek aukera izan zuten bertan zeuden produktuak dastatu eta haien ezaugarrien berri izateko.
Izotzezko sagardoak, apardunak, lupuludunak… Hori guztia eta askoz gehiago ikusteko eta dastatzeko aukera izan zen Sagardo Forum Nazioarteko Sagardo Azokan. Ekimenak bi egun iraun zituen; lehena, publiko orokorrari bideratua zegoen, eta bestea, publiko profesionalari mugatua. Guztira, 450 bat lagun bertaratu ziren.
Hogei erakusketari baino gehiagok ekarri zuten bere produktu katalogoaren lagin adierazgarri bat. Bisitariek aukera izan zuten edariak probatu eta haien egileekin hitz egiteko, bakoitzaren ezaugarriak azaldu zizkietenak. Bertan zeudenen artean baziren hainbat sagardo gure inguruan nahiko ezezagunak direnak. Zaporetako sagardoak limoi, menbrillo, mugurdi ukituekin… Sagardo natural ingeles eta frantsesak, batzuk keeving teknikarekin ekoiztuak, sagardo tradizional alemaniarra edo Artiko azpiko hotza baliatuta egindako izotzezko sagardo suediarrak.
Produktu aukerak iradoki bezala, nazioarteko presentzia nabarmena egon zen Azokan. Sagardoari estuki lotutako lurraldetako ekoizleek parte hartu zuten: AEB, Italia, Suedia, Erresuma Batua edota Luxenburgo, baita Cornouaille Jatorri Izendapen Babestuko Les Vergers de Kermao, Menez-Brug, Melenig eta Finisterre Rozavern enpresa bretainiarrek ere.
“Ekoizleek euren produktuak azaldu eta probatzera eman zizkieten azokara bertaratutakoei”
Era berean, Galizia eta Asturiasko ekoizleak ere izan ziren bertan, eta, noski, Euskal Sagardoak ere ez zuen hutsik egin. Jatorri Izendapenak zortzi sagardogile gonbidatu zituen ziurtagiridun produktuak eraman zitzaten: Alorrenea, Gartziategi, Gurutzeta, Isastegi, Kuartango, Petritegi, Zapiain eta Zelaia. Petritegik, Kuartangok eta Zapiainek, gainera, beraien edariak erakusteko leku bat izan zuten, sagardo naturalaz harago. Eta haiekin batera egon zen ere Azkaineko Txopinondo sagardotegiko arduraduna.