Sagar Uztak hogeita seigarren edizioa bete du aurten sagarraren festa ospatzeko eta giro ezinhobea izan da Astigarragako Foru plazan. Sagardoaren kulturan oinarrituriko jarduera ugari izan dira. Azpimarratzekoa da aurtengo festa programa osatzeko sagardogileen, sektorearen, instituzioen, tabernarien eta kultur taldeen parte-hartzea, hala nola: Astigarragako Udala, Astigar E.O.E., Gure Izarra, Goldea Herri Kirol Batzordea, Mundarro Kirol Elkartea, Norberto Almandoz Musika Eskola, Xaguxar, Zipotza Kultur Elkartea, Txirriskla Txistulari Taldea, Erbitegi Etxeberri Txalaparta Taldea eta Astigarte.
Gainera, muztio dastaketan hamar sagardogilek haru dute parte (Alorrenea, Astarbe, Bereziartua, Etxeberria, Gurutzeta, Lizeaga, Mendizabal, Oyarbide, Petritegi eta Zapiain), eta pintxo lehiaketan zazpi tabernek: Zipotza, Laket, Beti Goxo, Kaizoku, Ibai Lur, Bukoi eta The Robin
Sagar Uztarako antolaturiko jarduerak hiru egunetan zehar ospatu dira eta jasotako emaitzak oso onak izan dira. Denera 125 pertsona baino gehiagoren laguntza izan dugu jaiaren antolakuntzan, horietako asko bolondresak. Laguntza hori ezinbestekoa izan da aurreikusitako ekintza guztiak modu egokian garatu ahal izateko eta horregatik, idatzi honen bitartez eskerrak eman nahi dizkizuegu.
Jardueretako parte hartzeari dagokionez, honako hau nabarmendu dezakegu:
- Sagar bira mendi-bueltan 32 lagunen parte-hartzea.
- Sagar muztioaren elaborazio lanetan 170 haur eta gurasoen parte-hartzea.
- Sagar muztio nahiz sagardo dastaketan 10 sagardotegiren parte-hartzea.
- Sagar Uzta Argazki Rallyan 5 lagunen parte-hartzea.
- Sagardo eta muztio dastaketan 1.300 pertsona inguru.
- Sagarraren azokan Astigarragako baserritarren, Josu Osaren, AEK-ren eta Energia Berriztatzaileen taldearen parte-hartzea.
- Pilota partidan 200 pertsona inguru.