Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen XXIII. Sagardo Lehiaketako txapeldun izendatu dute Zapiain upategia. Irabazten duen laugarren urtea da. Gainera, oraingoan sari hirukoitza eskuratu du Astigarragako sagardotegi historikoak. Izan ere, Euskal Sagardoa jatorri deiturako kategoria nagusian txapela eskuratu du, baina baita beste bi kategoriatan ere: Sagardo apardunetan eta sagardo berezietan, Joanes de Zapiain lursail bakarreko sagardoarekin.
Egoitz Zapiainek jaso zituen sariak hunkituta, upategi honetako familiako hirugarren belaunaldiaren ordezkariak, eta bere taldearekin eta baserritarrekin partekatu nahi izan zituen bai sagastian bai upategian egindako lanagatik. Zapiainen produktua arreta handiz lantzen dutela nabarmendu zuen, gainera, eta sektorea sagardoa nahiz hori ekoizteko ezinbestekoak diren sagarrak balioan jartrzeko egiten ari den ahalegina azpimarratu zuen.
Astigarragako upategiko ekoizpen arduradunak erakundeen laguntza ere eskertu zuen, eta landaketa berriak sustatzeaz gain, «sagarrondoen genetika hobetzeko» ikerketa egiteko beharra aldarrikatu zuen. Bide borretan, kezkatuta azaldu zen gaur egun polinizazioarekin dauden arazoekin, besteak beste, eta berrikuntzaren alde egin zuen zailtasunei aurre egin ahal izateko.
Aurtengo edizioan, Zapiain sagardoak Foru Aldundiak emandako hiru sari nagusiak eskuratu zitue. Ian ere, sagardo naturalaren kategoriaz gain, upategia garaile izendatu zuten sagardo apardun eta sagardo berezien kategoriatan ere. Lehenengoan produktu berri batekin, oraindik merkaturatu ere egin ez den sagardo apardunarekin gailendu zen. Bigarrenean, 2019az geroztik Tolosako Ezeizabarrena baserriko sagasti bakarretik hautatutako sagarrekin ekoizten duen Joanes de Zapiain lursaileko sagardoarekin.
Zapiainek lehiaketa hau irabazten duen laugarren aldia da. Aurretik 2020, 2022 eta 2023an egin zuen. 2024a arrakastaz betetako urtea izaten ari da sagardotegi honentzat. Izan ere, Gipuzkoako lehiaketako hiru kategorietan irabazteaz gain, aurtengo maiatzean Zapiain nazioarteko sagardotegi izendatu zuten munduko sagardo lehiaketarik handienean. Hain zuzen ere, Michiganen ospatzen den Great Lakes International Cider Competition delakoan.
PRODUKTU BERRIAK
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sagardo Lehiaketako XXIII. edizioak azken urteotan euskal sagardotegiak egiten ari diren dibertsifikazioaren aldeko ahalegina nabarmendu du beste behin ere. Sagardo natural ohikotik harago, izotzezko sagardoak, sagar mota bakarrekoak eta apardunak egiten ari dira besteak beste, eta Zapiain aitzindaria izan da usadioari uko egin gabe etorkizunera begira dauden bide berri horiek irekitzen.
Bide horretan, aurrerago aipatutakoez gain, Zapiainek Sagarmut izeneko produktu berria kaleratu berri du, sagardoan oinarritutako aperitiboa, vermutaren antzekoa baina sagarra erabiliz mahatsa beharrean. “Sagarrondoaren malgutasuna arakatzen dugu, haren hostoak zimeldu, oxidatu eta lehortuz, tearekin egiten den antzera. Enborraren azala xigortu eta gure lurraldean jasotako landareekin batera erabiltzen dugu: Milorria, mota-belarra eta zizare-belarra. Buket honi Astigarragako gure upategiko pikondo batetako hostoak gaineratzen dizkiogu. Amaitzeko, Sagar Eztiarekin beratzen dugu eta Sagardoz sagardo lurrintsuen destilatuarekin indartzen dugu, euskal sagarraren izaera eta ondarea gorpuzten duen aperitifa sortzeko.”, adierazi du sagardotegiak.
Iturria: Zapiain sagardoa