“Gure Sagardo Berria” oihu eginda, ETS (En Tol Sarmiento) taldeko Iñigo Etxezarretak txotx bolada ireki du Astigarragako Alorrenea sagardotegian, XXXI. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean. Aurretik, sagarrondo berri bat landatu du Kontxa Etxeberria plazan.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da Erribera Kulturgunean prentsaurrekoarekin eta bertan izan dira Xabier Urdangarin (Astigarragako alkatea), Eider Mendoza (Gipuzkoako diputatu nagusia), Azahara Dominguez (Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua), Jesus Garcia de Cos (Turismo eta Merkataritzako sailburuordea), Bittor Oroz (Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea), Maider Lopetegi (Fruiteleko Lehendakaria eta Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko ordezkaria), Oihana Gaincerain (Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko presidentea) eta Iñigo Etxezarreta (gonbidatua).

Xabier Urdangarin alkateak mimo eta arreta handiz egindako sagardoak gozatzeko gonbidapena luzatu du, bizikidetasuna eta errespeturako deia eginda. Gainera, Astigarragan sagardoa produktu bat baino askoz gehiago dela, bizimodua, kultura eta izateko era dela nabarmendu du. Eider Mendozak sagardogileentzat gaurko eguna oso garrantzitsua dela azpimarratu du, egindako lanaren uzta konpartitzeko momentua iritsi baita eta, beraz, pozik egoteko momentua dela. Era berean adierazi du sagardogileek ekarpen handia egiten diotela gure kulturari, sagardotegiak gertukoetaz gozatzeko parada dira eta.

Bestalde, Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak esan duenez, sagardoarena energia eta ilusioz beteriko sektorea da, eta horren atzean lan eta jakite asko ezkutatzen da. Aldi berean, gure lurraldeko erakargarritasun handienetakotzat jo du. Ildo beretik, Jesus Garcia de Cos sailburuordeak aditzera eman du txotxa, sagardoaren tradizioaren osagai nagusia izateaz gain, elkarbizitza, adiskidetasuna eta poztasun partekatua adierazten dituen erritua dela.

Bere aldetik, Bittor Orozek sagardoarena lurraldeko sektore dinamikoenetarikoa dela goraipatu du, produktu berri asko dauzkana, eta sektoreko eragileek egiten ari diren lan bikaina eskertu nahi izan du.

Maider Lopetegik lehen sektoreko alor askotan bezala sagargintzaren munduan belanauldien arteko erreleboa zaila dela azaldu  du eta, hori lortzeko elkartean hiru proiektu estrategiko abian dituztela esan du.

Uztari dagokionez, Oihana Gaincerainek aurkeztu bezala, aurtengoa iazkoa baino handiagoa izan da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarentzako, eta 4.000.000 litro inguru Euskal Sagardo egin dira 50 sagardotegitan eta Euskal Herrian, guztira, 12 milioi litro inguru ekoiztu dira.  Urriko beroek sagar kopurua zerbait murriztu bazuten ere, guztira 6 milioi kilo inguru sagar bildu dira Jatorri Deiturako 500 hektareatan. Gainera, sagardoa ekoitzteko erabiltzen den sagar barietatearen arabera, sagastiaren zonaldearen arabera eta sagardotegi bakoitzaren lan egiteko eraren arabera, aurtengo txotx boladan dastatuko ditugun sagardoek ezaugarri ezberdinak izango dituzte. Hala ere, orokorrean, iazkoarekin alderatuta, alkohol graduazio eta gorputz txikiagoa dute sagardoek, eta oso lurrintsuak dira.

Azkenik, prentsaurrekoan Iñigo Etxezarretak adierazi du gonbidapena harriduraz baina pozez eta ilusio handiz hartu zuela, eta Arabar Errioxako norbait gonbidatu izana keinu polita dela. Abeslariak sagardotegiek ospakizun baten inguruan jendea batzen dutela gogoratu du, bai eta gure egurenokotasunean behar ditugun zoriontasunezko momentuak oparitzen dizkigutela.

Bukatzeko, eta berrikuntza bezela, Antton Telleriak txinparta jarri dio prentsaurrekoari monologo bat eskainiz.

Prentsaurrekoaren ostean, Iñigo Etxezarretak sagarrondo berri bat landatu du Astigarragako Kontxa Etxeberria plazan, eta ondoren, ekitaldiko unerik garrantzitsuena iritsi da: Alorrenea sagardotegian “Gure Sagardo Berria” esanda, Etxezarretak lehen kupela ireki du, eta horrekin batera, 2024ko sagardo denboraldi berriari ekin zaio.

Eskuratu 2024ko txotx irekierako argazkiak

Eskuratu prentsa dosierra PDF formatuan