alkatearekin 2012 (t)Donostiako Aste Nagusiarekin bat eginez (abuztuaren 10etik 17ra), Euskal Herriko Sagardo Mahaiak, GORENAK zigiluaren sustatzaile denak, II. Sagardo Azoka antolatu du Katalunia Plazan (Gros auzoa). Azoka eguerdiko 12:00etatk gauerdiko 00:00etara irekita egongo da egunero eta jai giroan murgildu, gastronomiaz eta zuzeneko ikuskizunez gozatu eta sagardoaren kulturan barneratzeko aukera paregabea eskainiko du.

Inaugurazio ekitaldi ofiziala abuztuaren 11n, igandean, izango da arratsaldeko 19:00etan eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea bertan izango da.

botilak 2012 (t)Eskaintza gastronomikoari dagokionez, bi gune bereiziko dira (zutik edo eserita afaltzeko mahaiak) eta pintxoak, razioak eta postrea egongo dira aukeran, sagardotegi onenetan bezala. Egarria asetzeko, berriz, muztioa eta sagardoa; azken hau, txotxetk zein botilatik: 4 sagardo upel jarriko dira, eta punta-puntako 13 sagardo ezberdin (botilatik) dastatzeko modua egongo da. “Sagardoen euskal selekzioa” honako sagardotegi hauek osatzen dute: Andoaingo Gaztanaga; Asteasuko Sarasola; Astigarragako Alorrenea, Gartziategi, Gurutzeta eta Zapiain; Donostiako Barkaiztegi; Errenteriako Egi-Luze; Hernaniko Altzueta, Olaizola eta Zelaia; Ikaztegietako Begiristain; eta Tolosako Isastegi.

giroa trikitilariak 2012 (t)Bestalde, agertoki bat ere izango da karpan, eta beraz, jan-edanaz gain, zuzeneko emanaldiez gozatzeko parada izango dute Katalunia Plazara bertaratzen direnek. Bigarren edizio honetan, musika egitaraua indartu egin da, gainera, eta Iban Nikolai didgeridoo-jotzailea, Arkaitz Miner eta Juan Arriola biolin-jotzaileak, Dasta Musik taldearen doinu eklektikoak, edota Maider eta Ixiar trikitilari bikote ezaguna izango ditugu, besteak beste, gure artean. Txalapartak eta kirikoketak ere izango duten beren txokoa. Eta “Artista berrien gaua” delakoa ere izango da.

Hona hemen aurreikusitako egitaraua:

Abuztuak 10
– 19:30: Iban Nikolai (didgeridoo).

Abuztuak 11
– 18:00: Txalaparta eta kirikoketa: Simon Goikoetxea, Aritz Goikoetxea & Agurtzane Irizar.
– 19:00: Inaugurazio ekitaldi ofiziala.
– 19:30: Arkaitz Miner (biolina, biola, ahotsa eta zapateatua) & Juan Arriola (biolina eta ahotsa). Musikari gonbidatua: Gari Otamendi (biolina eta ahotsa).

Abuztuak 12
– 19:30: Urko Menaia bakarka (ahotsa eta gitarra).

Abuztuak 13
– 19:30: Xabi Aburruzaga (trikitxa eta ahotsa), Aitor Antruejo (gitarra akustikoa) & Jose Urrejola (flauta, frame drum, panderoa, teklatua, EWI).

Abuztuak 14
– 19:30: Dasta Musik: Paul San Martin (teklatua), Oriol Flores (bateria) & David Ruiz (kontrabaxua).

Abuztuak 15
19:30: Maider & Ixiar (trikitilari bikotea).

Abuztuak 16
– 19:30: Artista berrien gaua: Andrea & Nerea.

Abuztuak 17
– 19:30: Iñaki Labaka (ahotsa eta gitarra).

Iturria eta argazkiak: Euskal Herriko Sagardo Mahaia.