Sagardoak hazkunde nabarmena bizi du munduan, ekoizpenari nahiz hari lotutako turismoari dagokionean. Horretaz jabetuta, Sagardoaren Lurraldeak hemengo sagardoa eta kultura nazioartean kokatzeko prozesua abiarazi zituen 2017an, norako turistikoen mapa bat osatu eta haien arteko lankidetza bultzatuta. Aurten, hemengo mugetatik kanpoko hedapenari jarraipena eman dio hainbat jardueren bidez.

Nazioartekotze ahalegin horren emaitza esanguratsuena iaz sortutako Ciderlands, Makers & Lovers nazioarteko sarea da (www.ciderlands.org). Urrian, II. urteko topaketa egin zuten kideek Herefordshiren (Ingalaterra). Hainbat lurralde europarretako 20 ordezkari batu ziren, sagardoaren kultura eta turismoa elkarrekin sustatzeko ahaleginean sakontzeko. Haiekin batera, gainera, bat egin aztertzen ari diren hainbat eskualde ere izan ziren bilkuran, lankidetzaren abantailen berri izateko. Han izan ziren, besteak beste, Luxenburgo, Kent eta Cornwall konterriak, Nagano prefektura eta Hudson harana. Egun, sarean sagarrari eta sagardoari estuki lotutako hamar norako daude: Gales, Armagh, Asturias, Euskal Herria, Britainia, Alemania, Mostviertel, Norvegia eta Herefordshire.

Testuinguru horretan, Astigarragako Sagardoetxeak eta Herefordshireko Sagardo Museoak proiektu bat abiaraztea erabaki dute, sagarraren eta sagardoaren kulturari buruzko argazkiak nahiz dokumentuak elkarren artean partekatzeko. Halaber, aurten abiarazi dute Ciderlands sarearen webgunea iaz kideek adostu bezala. Helburua, Interneten egotea da kide berriak erakartzeko eta jarduerak ezagutarazteko

Euskal kultura eta sagardoa zabaltzeko xedearekin batera, azaroan ospatutako Sagardo Foruma sustatzeko promozio bidaiak egin dituzte ordezkariek, sagardoari lotutako bi ekitaldi garrantzitsu baliatuta. Batetik, Alemaniara Frankfurteko Cider World azokara, bestetik, Ingalaterrara, Gloucester-eko CraftCon hitzaldira.

 

“Euskal mugetatik kanpo kokatzeko Sagardoaren Lurraldeak egindako ahaleginari esker, Euskadi 2020an Cider World azokan parte hartzera gonbidatu dute”.

 

Edonola, bertan izandako solasaldiek eta bilerek beste emaitza garrantzitsu bat izan dute: Euskadi 2020. urtean ohorezko gonbidatua izango da Cider Worlden. Aurten, Ciderlands sarearen parte hartzeari esker hemengo sagardoaren kultura presente egon da azokan, baina herrialde gonbidatua izanik, hura ezagutarazteko aukera zabal eta nabarmena izango du, besteak beste, hainbat sagardogilek aukera izango baitu erakusmahaian egoteko eta sagardo lehiaketan parte hartzeko. Horrek esan nahi du sektoreko profesionalei hemen ekoiztutako sagardoak erakustea, banatzaile, inportatzaile eta salmenta bideekin harremanetan jartzea, eta lurraldea bera sustatzeko aukera publiko orokorraren aurrean. Are gehiago, azokak bertan egoteaz gain, astebete lehenago Frankfurteko hainbat txokoetan egin ohi diren jardueretan parte hartzeko abagunea ere badu gonbidatuak, zenbait jarduera gastronomiko antolatuta hirian.

Apirila hasieran, aldiz, Erresuma Batua izan zen lanketarako lekua. Haritz Rodriguez-ek Craftcon hitzaldian parte hartu zuen Sagardoaren Lurraldeko ordezkari gisa. Three Counties Cider and Perry Association-ek antolatuta, Ingalaterrako ehun ekoizle baino gehiago izan ziren jardueran. Hala, sustapen eta merkataritza hartu-emanak sortu ziren Sagardo Forumera erakartzeko. Halaber, noski, hemengo sagardoak dastatzeko aukera izan zuten Cider Social ekitaldian, Euskal Herriari buruzko informazio turistiko eta kulturala ere banatuta.

Iturria: Sagardoaren Lurraldeko 2019 urtekaria