“Gure Sagardo Berria” oihu eginda, AMAK taldeak 2022ko txotx bolada ireki du Astigarragako Gurutzeta sagardotegian, XXIX. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean. Aurretik, sagarrondo berri bat landatu du Sagardoetxeako sagastian.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da Sagardoetxean prentsaurrekoarekin eta bertan izan dira Aintzane Barandiaran (Astigarragako alkateordea), Jesus Garcia de Cos (Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako Sailburuordea), Iker Goiria (Aldundiko Turismo Zuzendaria), Xabier Arruti (Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaria), Raul Perez (Elikagaien kalitate eta Industriako zuzendaria), Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko zuzendaria), Ion Zapiain (Sagardoaren Lurraldeako sagardogileen bozeramailea), Joxe Angel Goñi (Gurutzeta sagardotegiko arduraduna) eta AMAK taldea.

Aintzane Barandiaran alkateordeak sagardogileek urte berezi honetan egindako lana eskertu eta sagardo denboraldiak herriari egiten dion onura azpimarratu ditu, herriko taberna, jatetxe, ostatu, komertzio nahiz Sagardoetxea berari egiten dion ekarpena goraipatuz. Izan ere, “Sagardogintza herriaren izaeraren parte da, gure ondarea da”. Halaber, herritarrak otsailaren 6an ospatuko den  Sagardoetxeari buruzko herri galkeketan parte-hartzera gonbidatu ditu.

Bere aldetik, Jesus Garcia de Cos Sailburuordeak txotx bolada gure gastronomian funtsezkoa dela azpimarratu du, urtean milaka bisitari erakartzen dituena, eta datozen turismo azoketan ere sagardoaren kulturako esperientziek beren lekua izango dutela “Sagardomapa”-rekin. Ildo beretik,  Iker Goiria zuzendariak sagardotegiek eta txotx-aren esperientziak duen berezitasuna azpimarratu du, “Esperientzia bakarra da munduan”. Bestalde, sagardotegiek pandemia garaira egokitzeko izan duten gaitasuna goraipatu du.

Xabier Arruti zuzendariak, administrazioak sektorearengatik gertu egoten jarraitzeko asmoa aldarrikatu du; izan ere, hainbat proiektu gauzatu dira (ikerketak, Fraisoro Laborategia, sagarrondoak landatzeko diru laguntzak, belaunaldi aldaketa, etab.) eta sagardogintzak aurrera egiteko duen proiekzioari esker, epe luzerako erronketan ere bidelagun izango dira. Bere aldetik, Raul Perez zuzendariak Jaurlaritzak bertako produktuak merkaturatzearen alde egindako lana azpimarratu du, bertako sagarraren presentzia eta Euskal Sagardoaren ekoizpena geroz eta handiagoa delarik. Bestalde, kontsumitzaileak urte osoan zehar sagardoa kontsumitzera eta balorean jartzera animatu ditu.

Unai Agirrek aurkeztu duenez, 2021ekoa uzta historikoa izan da, eta horri esker, 3,5 milioi litro Euskal Sagardo egin dira 5 milioi kilo sagarrekin. Honek, sagardotegiei sagardo ezberdinak lortzeko “jolas” egiteko aukera ahalbidetu die eta sagar mota bakarreko, biko, etab.-eko sagardoak izango dira gure sagardotegietan. Orokorrean sagardo arinagoak, lurrintsuagoak eta iazkoa baino alkohol maila baxuagokoak izango diren arren, sagardotegi bakoitzeko sagardoak bere ezaugarriak izango ditu.

Ion Zapiain bozeramailearen hitzetan, sagar uzta handiari esker sagardotegi bakoitzak sagardo mota ezbedinak egiteko aukera izan du aurten eta sagardo naturalaz gain, sagardo apardunak, izotzezkoak, etab. ere ekoiztu dira.

Bere aldetik, Joxe Angel Goñik Gurutzeta sagardotegian dastatu den 7. kupeleko sagardo berriaren ezaugarriak aurkeztu ditu:
– Aiako Azkorte eta Odoltzu baserrietako sagarrez egindako sagardoa da.
– Limoi eta larajaondo lorearen zantzuak ditu usaimen aldetik.
– Ahoan, alde batetik garraztasun puntua dauka, eta bestetik mikatz ikutua du.

Sagardoa
2021eko uztarekin 9,5 milioi litro inguru sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian. Aurtengoa, inoizko uztarik handiena izan da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarentzako eta 3,5 milioi litro Euskal Sagardo egin dira. Guztira 5 milioi kilo sagar bildu dira Jatorri Deiturako 250 sagastietan. Euskal Sagardoak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 49 sagardotegi biltzen ditu gaur egun eta 250 sagargile.

Azkenik, AMAK taldeak adierazi du gonbidapena sorpresaz eta ilusio handiz hartu zutela eta “guretzako ohore bat” dela. Gainera, sagardotegiek trikitilariekin beti izan dute lotura eta beraientzako Sagardo Berriaren Eguneko gonbidatuak izatea futbolari batentzat urrezko baloia irabaztearen parekoa da.

Prentsaurrekoaren ostean, AMAK taldeak sagarrondo berri bat landatu du Sagardoetxeako sagastian, eta ondoren, ekitaldiko unerik garrantzitsuena iritsi da: Astigarragako Gurutzeta sagardotegian “Gure Sagardo Berria” esanda, AMAK taldeak lehen kupela ireki du, eta honekin batera, 2022ko sagardo denboraldi berriari ekin zaio.