Aurreko urteetan bezala, Fruitel eta Sagardoaren Lurraldearen 2026 uztako XXVI. sagardo sagarraren heldutasunaren txostena aurkezten dugu. Txostenaren puntu nagusiak hauek dira:
· Iazko datuekin alderatuta, sagarraren heldutasuna zeozer aurreratuago dator.
· Aurtengo urteko azukre maila, batez beste 13 ºBrix-ekoa da, azken 20 urteetako altuena garai honetan.
· Almidoiaren erregresioa 3,3ko indizean dago, aurreko urtean baino 0,2 puntu altuagoa.
· Uda oso lehorra eta oso beroa izan da, eta horrek kalte handiak eragin ditu sagastietan: eguzki kolpeak, usteldurak, sagarren tamaina eta pisu txikiagoa eta sagarren erorketa goiztiarra.
Iraileko bigarren astean eta azken 25 urteetan bezala, sagardo sagarraren heldutasun kontrola egin da. Heldutasuna neurtzeko bi modu erabili dira: lehenengoan, azukre maila jakiteko, sagarren indize refraktometrikoa (ºBrix) neurtu da; eta bigarrenean, almidoiaren erregresioa jakiteko, iodo indizea neurtu da, 1-10 eskalan.
Indize refraktometrikoa – ºBrix
2026ko iraileko bigarren asteko ºBrix datua 13koa da, azken 20 urteetako altuena garai honetan.
Azken hamar urteetako datuei erreparatuta, 2026ko datua aurreko urteetakoen gainetik dago. 2025ean 10,8 ºBrix izan ziren, eta aurten, berriz, 13 ºBrix.
Barietatez barietate begiratuta, aurtengo kontrolean ºBrix altuenak Udare Marroi 14,2 ºBrixekin, Goikoetxe 13,6rekin eta Aritza 13,5 ºBrixekin eman dituzte. Aldiz, baxuenak, Urtebi Txiki eta Urtebi Haundi 12,3 ºBrixekin eta Moko 12,4 ºBrixekin eman dituzte.
Almidoiaren erregresioa
Aurtengo datua aurreko urtekoa baino zeozer altuagoa da, 3,3ko indizea eman baitu. 2025ean 3,1eko indizea izan zen.
Barietateei dagokienez, Goikoetxe barietatea alde batera utzita, erregresio altuenak Patzolua 5,4rekin eta Gezamina eta Mozolua 4,2rekin izan dituzte. Aldiz, Moko 1,4rekin, Errezila 1,5rekin eta Verde Agria 2,1ekin erregresio baxuenak izan dituzte.
Puntu garrantzitsuenak
Orokorrean, 2026ko iraila hasieran, sagastietan azaldu diren zenbait puntu nabarmendu ditzakegu:
- Iazko datuekin alderatuta, heldutasuna zeozer aurreratuago dator.
- Azukre maila aztertuz, aurtengo urteak, batez beste, 13 ºBrix ditu, azken 20 urteetako altuena garai honetan.
- Almidoiaren erregresioa 3,3ko indizean dago, hau da, aurreko urtean baino 0,2 puntu altuagoa.
- Aurten eguraldiak dena baldintzatu du, uda osoa lehorra eta oso beroa izan delako. Horrek kalte handiak sortu ditu: sagar askotan eguzki kolpeak eman dira, usteldurak sortuz; sagarren tamaina eta pisua ohi baino txikiagoa da, nabarmenagoa barnealdean eta lur hondartsuetan kokatutako sagastietan; eta sagarren erorketa goiztiarra handia izan da abuztu erditik aurrera.
Heldutasun datuak ikusita, almidoiaren erregresioaren arabera, Goikoetxe barietatea kenduta, hiru barietate talde ikus ditzakegu:
· Aurreratuenak: Patzolua, Gezamina eta Mozolua.
· Erdikoak: Aritza, Txalaka eta Urtebi Txiki.
· Atzeratuenak: Urtebi Haundi, Udare Marroi, Urdin, Manttoni, Verde Agria, Errezila eta Moko.
Eskuratu heldutasunarentxostena PDF formatuan
AITOR ETXEANDIA AZPIAZU – SAGARLAN S.L
Fruitugintzan Aholkularia, 2026ko irailaren 11n