Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, urtarrilaren 15ean XXVII. Sagardo Berriaren Eguna 2020 ospatuko da 2020ko txotx boladari hasiera eman eta sagardo berria dastatzen hasteko. Aurtengo gonbidatua IZARO abeslaria izango da.

Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko lehendakaria, eguerdiko 12:00etan Sagardoetxean ospatuko den aurkezpen ekitaldiko buru izango da Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera, eta bertan, uzta berria aurkeztu eta sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarrien berri emango du, sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenekin batera.

Urtero bezala, hogeita zazpigarren aldi honetan ere, ekitaldiko unerik garrantzitsuena txotx irekierakoa izango da. Astigarragako Alorrenea sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu egingo du Izaro abeslariak, eta honekin batera, 2020ko sagardo denboraldi berria irekiko da.

Aldez aurretik, Sagardoetxeako sagastian sagarrondo berri bat landatuko du. Ekitaldi sinboliko honekin, naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu nahi dira, urtetik urtera mahai batean sagardoaren bueltan esertzeko aukera eskaintzen baitigu.

Egitaraua:
11:30-12:00: Akreditazioen banaketa Sagardoetxean.
12:00: Prentsaurrekoa Sagardoetxean. Bertan azalduko dira 2019ko uztaren ezaugarri nagusiak, sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenak.
12:45: Izarok sagarrondo bat landatuko du Sagardoetxeako sagastian.
13:30: Txalapartarien deiarekin batera sagar dantza dantzatuko da Alorrenea sagardotegian, eta ondoren, sagardogileek Izaro soka dantzan parte hartzera lagunduko dute lehen kupela irekitzeko.
13:45: Alorrenea sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu eginda lehen kupela irekiko du Izarok, eta honekin batera, 2020ko txotx denboraldi berriari hasiera emango zaio. Ondoren, denboraldiko sagardotegiko lehenengo menua dastatuko da.

Protagonista izan ziren…
1994, Andoni EGAÑA bertsolaria.
1995, Jose Mari BAKERO futbolaria.
1996, Javier CLEMENTE entrenatzailea.
1997, Julian RETEGI pilotaria.
1998, Miguel INDURAIN txirrindularia.
1999, Juan Mari ARZAK sukaldaria.
2000, Pedro Miguel ETXENIKE fisikaria.
2001, Joane SOMARRIBA txirrindularia.
2002, Martín FIZ lasterkaria.
2003, Abraham OLANO txirrindularia.
2004, Periko, Mikel y Xabi ALONSO.
2005, Ainhoa ARTETA sopranoa.
2006, Jose Luis KORTA arraunlaria.
2007, Juan MARTINEZ DE IRUJO pilotaria.
2008, Andoni LUIS ADURIZ sukaldaria.
2009, Aimar OLAIZOLA pilotaria.
2010, REAL SOCIEDAD DE FUTBOL futbol taldea.
2011, Karlos ARGUIÑANO sukaldaria.
2012, Julian IANTZI aurkezlea.
2013, LA OREJA DE VAN GOGH taldea.
2014, KALAKAN taldea.
2015, LOREAK filmeko protagonistak.
2016, ARITZ ARANBURU surflaria.
2017, ENEKO ATXA sukaldaria.
2018, ALBERTO IÑURRATEGI mendizalea.
2019, OLATZ ARRIETA kazetaria.