Sagardoaren Lurraldean sagardoak maila ona duenik ezin da ukatu. Onena aukeratzea zaila da suerta daiteke, baina ahalegina egiten duten lehiaketak ez dira falta lur hauetan. Batzuek tradizio eta izen handia dute, beste batzuk oraintsu urratu dute bidea. Edonola, guztietan txapela janztea ohorea da sagardogileentzat.
Beroa edari freskoak dastatzeko aproposa delako-edo, asko dira euren sagardo lehiaketak ospatzeko uda aukeratzen duten Sagardoaren Lurraldeko herriak.
Egutegian lehen kokatzen dena Aizarnazabalgo sagardo txapelketa da. Uztaila erdialdean ospatu zuten 2014an sortutako lehiaketa honen bosgarren edizioa. Hamabi sagardogilek parte hartu zuten: Astigarragako Alorrenea, Petritegi eta Bereziartua, Hernaniko Akarregi eta Altzueta, Adunako Aburuza, Aiako Izeta, Andoaingo Gaztañaga, Azpeitiko Añota, Errenteriko Egiluze, Urnietako Eula eta Usurbilgo Urdaira. Epaileek Alorrenea, Gaztañaga eta Petritegiko sagardoak izendatu zituzten onenak.
Jarraian, tradizio luzea duten lehiaketen txanda da. Azpeitiko Sagardo txapelketa jarraian egin duten 46. urtea izan da hau, baina, hala ere, gehiago ditu. Santio egunean ospatzen dute, aurten jaia ez zenez, asteburura aldatu zuten. 23 partaideen arten, Martuteneko Barkaiztegik jaso zuen garaikurra, Errenteriako Egi-Luze bigarrena izan zen eta Astigarragako Alorrenea hirugarrena.
Hernialdeko sagardo txapelketak, mende laurdena gainditu zuen 2016an. Barkaiztegi, Eluxeta, Gaztañaga, Izeta, Lizeaga, Otsua-enea, Petritegi, Rezola eta Sarasolak eraman zuten euren sagardoa. Txapelduna eta txapeldunordea Astigarragako Petritegi eta Lizeaga izan ziren, hirugarren sailkatua, berriz, Aiako Izeta.
Mordoxka izan arren, berriagoa da Elgoibarko sagardo lehiaketa. Abuztuan San Bartolome jaietan antolatzen du Sallobente Elkarteak. 35. urte honetan 20 sagardotegi batu ziren Kalegoen plazan. Karboniko kopurua, kolorea, usaina eta zaporea aintzat hartuta, Andoaingo Gaztañagak jantzi zuen txapela, Aiako Izeta bigarrena izan zen, eta Urnietako Eula, hirugarrena.
Ergobiko Sagardo Lehiaketa, ospatzen diren lehiaketa guztien artean zaharrena, egutegian garrantzia handia duen lehiaketa da. Aurten 57. urteurrena ospatu du. Abuztuaren 26an lehiatu ziren sagardogileak eta Astigarragako Alorrenea sagardotegiak jantzi zuen txapela, Astigarragako irigoein Herrero bigarren geratu zen eta Oialume Zar hirugarren.
Gipuzkoan sona handia duenetako bat XVII Sagardo Lehiaketa Foru Aldundia Sariak dira. Irailaren 21ean lehiatu ziren 24 sagardogileak. Aurtengo berezitasunetako bat izan zen partaide guztiek bertako sagarrekin egindako sagardo naturalarekin lehiatu zirela. Baita dastaketa Fraisoroko laborategian egin izana ere. 3.000€-ko diru saria, txapela eta irabazle zigilua Hernaniko Zelaiak eskuratu zuen, Zapiain eta Gaztañagaren aurretik.
Kizkia Taldearen sagardo lehiaketak 18 urte daramatza Astigarragako Gure Izarra elkartean sagardo lehiaketa antolatzen eta kideek beste behin Gipuzkoako hogei sagardotegitako sagardoa dastatu zuten. Hiru astetan egindako sailkapen fasearen ondoren, sei heldu ziren irailaren 26an jokatutako finalera, eta Adunako Zabala sagardotegia izan zen garailea, Petritegi eta Eulak jarraituta.
IV Euskal Herriko Sagardo Lehiaketa Herrikoiaren finala Usurbilen ospatu zen irailaren 28an eta herriz herri sagardotegi ezberdinetako sagardoak dastatu ostean, Andoaingo Gaztañaga sagardotegiak jantzi zuen txapela.
—-
Testua: Maitane Aldanondo
Fuente: Sagardoaren Lurraldea – Urtekaria 2018