2017ko sagardo sagarraren uzta sasoian gaudenez, Sagardoaren Lurraldeko sagardogileek XVII. Sagar Uzta 2017 sagarraren jaiaren ospakizunerako iragarritako jarduerak aurkeztu dituzte gaur Sagardoetxean. Gainera, aurten uzta historikoa izango dela iragartzen duen eta urtero gauzatzen den sagarraren heldutasunaren txostena aurkeztu dute. 

Sagardoaren Lurraldeko sagardogile eta Fruitel-eko ordezkariek 2017ko sagardo sagarraren heldutasunaren txostena aurkeztu dute hamazazpigarren urtez. Iazko urtearekin alderatuta, sagarraren heldutasuna aurreratu egin dela eta sagardotegiak dagoeneko sagarrak bildu eta muztioa elaboratzen hasiak direla dira txostenean zehazten diren puntu garrantzitsuenak.

Bertako 14 sagar barietate aztertu ostean, azukre maila iazkoaren berdina dela azpimarratu dute, almidoiaren erregresioak azken 5 urtetako mailarik altuena aurkezten duen bitartean. Sagardoaren Lurraldeako sagar eta sagardo ekoizleek uzta oparoa izango dela azpimarratu dute, ekoizpen askoko sagastiekin.

Denboraldiko lehen muztioa
Uzta sasoiaren testuinguruan, Sagardoaren Lurraldeko ordezkariek 2017ko Sagar Uzta jairako aurreikusitako egitaraua aurkeztu dute. Urte osoan zehar sagardoaren elaborazio lanetan egiten den lana balorean jarri eta eta gure sagarrondo eta sagastien garrantzia azpimarratzeko, Sagardoaren Lurraldeak Sagar Uzta jaia antolatu du beste urte bat gehiagoz.

Irailaren 21etik 24ra bitartean jarduera ezberdinak gauzatuko dira: tailerrak, ibilbideak, pintxo-pote berezia, sagar postre lehiaketa… Egun nagusia irailaren 24an ospatuko da Astigarragako Foru enparantza. Bertan sagarraren azoka izango da, sagar eta muztio dastaketa, bertako baserrietako produktuen salmenta, etab. Gainera, urtero bezala, denboraldiko lehen muztioa egingo da bertaraturiko guztien artean “topa herrikoia” egiteko.

Prentsa Dossierra PDF formatuan eskuratu