Ostegunean eta ostiralean hainbat hitzaldi izan ziren Erribera Kulturgunean arlo ezberdinetako adituen eskutik.

Ondare ukigarria eta ukiezina, museologia berria eta esperientzia gastronomikoak izan ziren Sagardo Forumeko jardunaldi teknikoetako lehen saioetako protagonistak, ‘Hiritarrei irekitako museoak’ izeneko ardatzean. Testuinguru horretan, Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak ‘Dolareak’ aurkeztu zuen, Peio Martikorena Fundazioak bultzatutako mugaz gaindiko proiektua, aintzinako dolareak zaharberritu eta aroztegi tradizionalaren artean ikasleen prestakuntza sustatzeko, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko lanbide heziketako hiru zentrorekin elkarlanean.

Proiektua aurkezteaz gain, Urdangarinek iragarri zuen, aipatutako fundazioarekin abian den lankidetzari esker, laster Cementos Rezola fabrika zaharra zaharberrituko dela, Ergobia auzoan Urumea ibaiaren ertzean zutik jarraitzen duena. Egurrarekin, sagarrarekin eta sagardoarekin lotutako ondarea hartuko duen gune bilakatuko da hori, eta herritarrei irekiko zaie hainbat ekimen parte-hartzaileren bidez.

Jabier Lekuona arkitektoak ‘Egurra eta kultura ondarea’ izenburupean egindako hitzaldia ere entzun ahal izan zuten bertaratutakoek, eta bera arduratuko da, hain zuzen ere, espazio berriaren diseinuaz. Lekuona Arkitektura arkitekto nafarraren estudioa izan da, besteak beste, Pasai San Pedroko Albaola ontziolako berrikuntza lanen arduraduna.

Halaber, jardunaldietan parte hartu zuten Ibon Telleriak (EHU) eta Josue Susperregik (Arkeolan), Arkitekturan eta Dendrokronologian doktoreek, hurrenez hurren. Hitzaldietan, ‘Dolareak, baserria, egurra eta ondarea’ gaia sakon aztertu zuten. Ondoren, hiru aditu katalanen arteko mahai-ingurua izan zen, Jordi Abella (Ecomuseo de les Valls d’Aneu), Pere Casas (Museu del Ter) eta Roser Vilardell (Museu Etnogràfic de Ripoll), Ainhoa Bernabé Eusko Jaurlaritzako Museoen Zentroko teknikariak moderatuta. ‘Herritarrei irekitako museoak’ izenburupean, museologia-eredu berri bati buruz hitz egin zuten. Eredu horrek gizartean eragin positiboa izatea du helburu, parte-hartzearen, elkarrizketaren, ikaskuntzaren, irisgarritasunaren eta bizirik eta dinamiko dagoen ondare gisa ulertutako ondarearen kudeaketaren bidez.

Jardunaldia amaitzeko, bi esperientzia gastronomiko eta enoturistiko aurkeztu zituzten Paolo Spagnolok (MoMö Museum, Suitza) eta Manuel Niembrok (Ruta’l Quesu eta La Sidra, Asturias).

Bestalde, ostiralean sagarra eta sagardoa (formakuntza eta merkaturatzea) izan ziren jardunaldien ardatz, Aitor Somoanoren (Serida), Jordi Sabatéren (IRTA), Nuri Madeoren (The Regen Academy), Elisa Ucarren (Eda Drinks & Wine Campus), Carlos López de Lacalleren (Artadi), Joseba Martikorenaren (Martiko) eta Benoît Marinosen (Domaine Antoine Marois) eskutik.