“Gure Sagardo Berria” oihu eginda, Alberto Iñurrategi mendizaleak 2018ko txotx bolada ireki du Astigarragako Gurutzeta sagardotegian, XXV. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean. Aldez aurretik, sagarrondo berri bat landatu du Sagardoetxeako sagastian.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da Sagardoetxean prentsaurrekoarekin eta bertan izan dira Zorione Etxazarraga (Astigarragako alkatea), Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordea), Denis Itxaso (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako Diputatua), Ainhoa Aizpuru (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapeneko, Landa inguruneko eta Lurralde orekako Diputatua), Maider Echevarria (Turismo eta Ostalaritzako Zuzendaria), Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko gerentea), Egoitz Zapiain (sagardogileen bozeramailea) eta Alberto Iñurrategi mendizalea.

Prentsaurrekoaren ostean, Alberto Iñurrategik sagarrondo berri bat landatu du Sagardoetxeako sagastian eta ondoren, ekitaldiko unerik garrantzitsuena iritsi da: Astigarragako Gurutzeta sagardotegian “Gure Sagardo Berria” esanda, Alberto Iñurrategik lehen kupela ireki du eta honekin batera, 2018ko sagardo denboraldi berria ireki da.

Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunaren hogeita bosgarren urteurrena izanik, ekitaldian izan dira aurreko urteetako protagonista batzuk ere: Andoni Egana bertsolaria, Jose Luis Korta arraunlaria, Andoni Luis Aduriz sukaldaria, Abraham Olano txirrindularia, Javier Clemente entrenatzailea eta Periko eta Mikel Alonso futbolariak.

Sagardoa
2017ko uztarekin 12 milioi litro sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian. Ekoizpenaren %30 bertako sagarrarekin egindakoa eta Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenekoa da. Guztira 48 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa: Gipuzkoako 41ek, Bizkaiako 5ek eta Arabako 2k.
Sagardo dastaketa:
– Aurreko urteetan baino kolore argiagoa duen sagardoa da.
Usaimenean oso garbia da. Lehendabiziko sagarrekin egindako sagardoek fruta freskoaren usaina dute eta uztaren erdialde nahiz amaierako sagarrekin egindakoek, fruta usain helduagoak dituzte.
Karboniko maila ona duten sagardo naturalak dira, kupeleko hartzidura ondo egin baita.
– Orokorrean, sagardo oso orekatua da.

Txotx irekierako argazkiak eskuratu