Urte bat pasa da Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sarea aurkeztu genuenetik eta urte honetan egindako bidea oparoa izan da.

Igartubeiti Baserri Museoak (Ezkio- Itsaso), D’elikatuz Zentroa (Ordizia), Gaztaren Interpretazio Zentroa (Idiazabal), Sagardoetxea (Astigarraga), Txakolingunea (Balio) eta Villa Lucia Ardoaren Gune Tematikoak (Laguardia) museoek osatzen dugu sare hau eta helburua, ardoa, txakolina, sagardoa eta Idiazabal gazta bezalako Euskadiko produktu gastronomiko hauekin lotutako usadioak, kultura eta ohiturak bisitariei trasmititzea da.

Helburu horiek lortzeko asmoz, ekintza, jarduera eta lan ezberdinak burutu ditugu urte honetan. Batetik, azoka eta ekitaldi ezberdinetan parte hartu eta familientzako tailerrak eskaini ditugu. 2016an zehar Euskadiko azoka ezberdinetan izan gara, besteak beste: Gustoko azokan (Bilbo, otsailak 12-14), Ficobako Gabonetako azokan (Irun, abenduak 6-8) eta Santo Tomas azokan (Donostia, abenduak 21). Ekitaldi ezberdinetan ere parte hartu dugu, besteak beste: Sagar Uzta jaian (Astigarraga, irailak 25) eta Sagardoaren Astean (Ezkio- Itsaso, urriak 13). Azoka nahiz ekitaldi hauetan, sarearen inguruko informazioa zabaltzeaz gainera, familientzako tailer ezberdinak eskaini ditugu, esaterako: D’elikatuz Zentroaren elikadura osasungarriari buruzko “D’elikatuz Mokau batean” tailerra, Igartubeiti Baserri Museoaren “Artoaren iraultza” tailerra, Gaztaren Interpretazio Zentroaren “Gazta dastaketa familian” tailerra, Txakolingunearen “Txakolina eta muztioa familiartean dastatzea” tailerra, Sagardoetxean “Sagarrekin jolasean” tailerra eta Gorrotxategiren “Sagar tarta tailerra”. EITBko “¡Ahora!” saioak ekimen hauen inguruko informazioa zabaldu nahi izan du eta hemen Donostiako Santo Tomas egunean eskainitako tailerren inguruan egindako elkarrizketa: http://bit.ly/2iittD5 (30:55-33:30 min. artean).

Bestetik, Euskadiko Museo Enogastronomikoen Sarearen eskaintza bateratua sortu dugu. Honela, bisitariari gure lurraldeko produktu gastronomikoen inguruko kultura ezagutzeko erraztasunak emateko, museo ezberdinetara bisitak eta otorduak biltzen dituen 4 ibilbide gastronomiko sortu ditugu:

  1. Txotx ibilbidea: Bisita gidatua Igartubeiti Baserri Museoan eta bisita nahiz dastaketa Sagardoetxea Museoan. Amaitzeko, bazkaria sagardotegian, ohiko menuarekin eta nahi adina sagardorekin.
  2. Sagardoaren eta gaztaren ibilbidea: Igartubeiti Baserri Museora bisita gidatua eta jarraian bisita eta bazkaria sagardotegian. Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentrora bisita gidatua eta dastaketa Ondramuño gaztandegian.
  3. Gastronomia eta merkatuen ibilbidea: D’elikatuz Elikadura eta Gastronomiaren Zentrora bisita, baita Ordiziako merkatu tradizionalera ere. Bazkaria sagardotegian eta bisita Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroan.
  4. Euskadiko Ardoen ibilbidea: Villa Lucia Ardoaren Zentro Tematikora bisita gidatua eta ardo dastaketa. Bertako produktuekin egindako bazkari erretegi tradizionalean eta El Fabulista upategira bisita, ardo dastaketarekin.

Azkenik, GASTROMUSEUMS marka berria eta komunikazio euskarri berriak sortu ditugu, besteak beste 2017ko FITUR Azokan aurkezteko dugun www.gastromuseums.com webgunea eta tarjetoiak.

———————————————-
Sagardoaren Lurraldeako 45. Boletinean publikatutako artikulua