Sagarraren eta Sagardoaren dokumentazio zentroa mimoz atondu du Sagardoetxea Museoak. Hilabetetako lanak emaitza oparoa dakar, askotariko materialez osatua: irudiak, albisteak, dokumentu historikoak eta legalak, iragarkiak, esku orriak… Zer bilatu besterik ez da behar informazio itsaso horretan murgiltzeko.
Bilatzaile barran zer idatzi, beraz? Kuxkuxean aritzeko ariketa honetarako museoaren oinarriak (sagarra, sagardoa eta ekoizleak) batu eta baserrietako tradizioa gordetzen dituen elementua aukeratu dugu: dolarea. Lehengaia produktu bilakatzeko lekuaz gain, bizitokiaren bihotza ere izan zen mendetan, sagardoaren garrantziaren erakusgarri.
Segundo gutxitan erantzun zabala: 419 emaitza. Dolare baserriei helduko diegu, lehenik. Alberto Santana historialariak hemeroteka ataleko artikuluetako batean dioenez, sagardoaren aztarnak Euskal Herriko txoko askotan topatu badituzte ere, duela 500 urte Gipuzkoako ia baserri denek zuten dolarea, eta gehienak, haren inguruan sortuak izan ziren. XV. mende amaiera arte bizilekuaren hurbileko teilapetxo baten babespean jarri ohi zuten prentsa, ordutik aurrera, berriz, bizilekuari erantsi zioten, egiturak nahastuta.
Argia aldizkariko 2001eko erreportaje bateko Josu Tellabide etnologoaren hitzetan, XVI eta XVII mendeko lehen erdiko baserrietan dolareak ia bi solairu hartzen zituen, “Etxea eta tresna gauza bera ziren”. “Makina eraikin” horien ezaugarrietan sakontzeko aukera ematen du Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserriak, osorik gorde den bakarra. 1999an Gipuzkoako Foru Aldundiak hura zaharberritzea erabaki zuen albiste eta erreportaje ugari daude, lanei esker dolarearen funtzionamendua zehaztu eta sagardo ekoizpenak ekonomian zuen garrantzian sakondu ahal izan zutela jaso zuten.
Pantailatik urrundu gabe, PDFan eskuragarri dagoen liburuan ere horren guztiaren berri izan dezakegu. Sagardoa egiteko prozesua bera erakusten duten argazkiak daude, etxearen egiturari buruzko azalpen ugariz gain. Dolareak ia 12 metroko luzeko zeharkako habe lodi bat zuten, baserria eusten zuten habeen gainean zegoena; eta horren muturrean, 8 metroko ardatza. Beheko solairuraino heltzen zen eta harritzar baten gainean zegoen. Zeharkako dolare hagak egurrezko egiturarengan eta patsarengan presioa egiten zuen aldi berean. Beheko solairuan zeudenek hura altxatzen zuten biraderen bidez ardatzari eraginez, eta altxagarriak ipintzen zizkioten goian eusteko. Pisuarengatik jaisten zihoan haga, patsarengan presioa eginez, eta gutxika altxagarriak kenduz zihoazen, muztioa beheko pisuan zegoen ontzira eror zedin.
“Neurri ikaragarria zuten” eta haiek mantentzeko zailtasunak ez ziren gutxi, hortaz, XVII. mende erdialdean, berriz, bakarrak zerbitzu ematen zien inguruko familiei. Txanda eskatu eta ia etengabe lanean zen dolarea. Bidaniako azkena, 1971n desmuntatu zutela dio kazetariak eta sagardoa egiteko prozesuaren xehetasunak ematen ditu, dolaretik upeleratu artekoa azalduz.
Zorionez, ondare hori ezagutarazteko lanak egin izan dira. Tellabidek eta Asier Agirresarobe etnografoak hainbat adibideri egindako argazkiak ikusgai daude dokumentuen artean. Besteren artean, Astigarragako Pikoaga, Lagatxaga eta Zabalea, Errenteriako Lubeltzaberri, Ereñotzuko Latse, edo Txilibita, Donostiako Antondegi Martutenen edo Muntogorri… Bi etnografoek Ermañamendiko (Santiagomendiko) baserrien inbentarioa ere egin zuten. Lan hori eta Lourdes Odriozola historialariak eraikin bakoitzari buruz egindako ikerketa historikoa baliatuta, Sagardun Partzuergoak paseo tematikoa antolatu zuen sagardogintzari lotutako ondare historikoa berreskuratu eta zabaltzeko.
Ikur hori gortzeko ahaleginak ere egin dira. 2008an Donostian Lantxabe Aieteko bizilagun elkarteak Munto baserriko dolarea eta sagardoa egiteko gainerako tresnak Katxola baserrian jarri zituen. Katxola Donostiako lehen sagardotegia izan zen eta 1999an harriz harri Oriamendi pasealekura lekualdatu zuten XVII. mendearen bigarren erdiko eraikina. Gertakariaren inguruko albisteetan jaso zenez, Santana historialariak “sagardoaren museo txiki bat” zela deritzo eta Errepublika garaiko sagardotegi jendetsuenetakoa. Eta ez ziren gutxi, 1932an 93 ekoizle baitzeuden hirian. Egun,1950eko hamarkadako sagardotegia irudikatzen du erakusketa iraunkor batekin.
Beste egitasmo batzuk, ordea, ezin izan dira gauzatu. 2007an Urumeako autobiaren eraikitzeak Astigarragako Erbitegi-Etxeberriaren eraistea ekarri zuen. Bertan zegoen dolarea, “pieza paregabea” zen, berezia eta bakarra, matxaka animaliek tiraka mugitzen baitzuten, eta eskuz, ardatza. Kendu aurretik, urrian, filmaketa egin zuten dolaretako lanak eta haien inguruko ohiturak jasotzeko. Bideoak eta irudiak ikusgai daude
dokumentazio zentroan. Sagardoetxea izan behar zuen helmuga dolareak, baina 2009an burutzekoak ziren lanak bertan behera geratu ziren. Horretarako prestatutako proiektua bera eta aferaren inguruan sakontzeko dozenaka albiste irakurgarri daude.
Pieza horrek museoko eskaintza osatzeko balioko balu ere, Sagardun Partzuergoak bertan eta bertatik sustatutako ekimenak ugariak dira, emaitzetan lagin zabala baitago; muztioa egiteko tailerra edo Sagar Uzta jaia, kasu. Ildo beretik, sagardoa egiteko prozesua erakusten duten sagardotegiak ere badira. Esaterako, XIII. mendeko burdinola batean kokatutako Irungo Ola sagardotegia.
1665eko dokumentu zaharrenetik hasita, hemen labur bildutako guztia eta beste hamaika gauzak erantzun diote egindako bilaketari. Hau adibide bat besterik ez da. Edonoren jakin-minaren eskura dagoen dokumentazio zentroak sagarrari nahiz sagardoari buruzko ikerketarako eta ezagutzaren hedapenerako eskainitako baliabideak askoz zabalagoak baitira.