2026ko uztailaren 1ean, sagardoaren «XXV. Sagardo Lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak» egingo da GOe-Gastronomy Open Ecosystem-en, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak antolatuta, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen lankidetzaz.            

Xedea:

Lehiaketaren helburua da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako kalitate hobereneko sagardoa ekoizten duen Gipuzkoako sagardotegia baloratzea, sustatzea eta saritzea. Neurri horrek produktu horren lehiakortasuna hobetzen laguntzen du, eta, beraz, sagardotarako sagarraren azpisektorea indartzen du.             

Bestalde, sektoreari azken urteotan bere elaborazioak dibertsifikatzeko egiten ari den ahalegina aitortu nahi zaio. Horretarako, Euskadiko sagardo naturalaren ezaugarri bereizgarriak dituzten sagardoentzako berariazko bi sari ezartzen dira: bata, haien elaborazio-prozesuetan, «terroir»etan edo barietate-osaeran bereizketa bilatzen duten sagardoenzat; eta bestea, eta Euskal Herriko sagarrekin egindako sagardoentzat, Deituraren barnean aitortza-prozesuan dagoena.   

Horrela, haren modalitate ezberdinetan sagardoaren merkaturatzea sustatu, hedatu eta suspertzeko eta Gipuzkoako sagardoaren merkatuan irudia eta posizioa hobetzeko, baita kontsumitzaileen artean bere ezaugarrien ezagutza eta balioespena sustatzeko eta, neurri instituzional gisa, Euskal Sagardoa sustatzeko eta laguntzeko, «XXV. Sagardo Lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak» lehiaketaren deialdia egiten da.

Era berean, sagardotarako sagarraren ekoizpen sektorea bultzatu nahi da, epe labur samar batean sagardogileek beren sagar-beharrak Gipuzkoako ekoizpenekin bete ahal izan ditzaten.         

Antolaketa:

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarekin eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin elkarlanean, lehiaketa antolatzen eta babesten du.

Lehiaketaren kudeaketa eta garapena aurrera eramateko, batzorde bat sortzen da, honako kideek osatzen dutena: Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuaren hiru ordezkari, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren ordezkari bat eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen ordezkari bat.         

Parte hartzaileak:

Lehiaketan parte hartu ahal izango dute Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako upategien erregistroan inskribatuta dauden sagardotegiek.

Parte hartzen duten enpresek Gipuzkoan kokatuta egon behar dute, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Industrien Erroldan izena emanda; horrez gain, Botilaratzaileen Erregistroan eta Elikadura Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean izena emana egon behar dute.

Euskal Sagardoa Jatorrizko Deiturak gonbidapen formal bat bidaliko dio deiturak babestutako sagardotegi bakoitzari.

Parte hartzen duten sagardotegiek euren elaborazioko sagardo botilaratuak aurkeztu beharko dituzte, eta, aldez aurretik, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen kalifikazioa jaso duten sagardoak izango dira.

Sagardo apardunak salbuetsita egongo dira aurretik Euskal Sagardoa Jatorrizko Deiturak kalifikatu izan beharrean.    

Lehiaketara aurkezten diren sagardo guztiek 2025eko uztakoak izan behar dute (ezaugarri bereizgarriak dituzten sagardoak eta sagardo apardunak izan ezik). Dagozkien etiketa eta zenbakia eramango dituzte. Lehiaketara aurkezten diren loteen trazabilitatea Kontseilu Arautzailearen bidez bermatuta egongo da.  

Bereizgarrien kategorian eta apardunetan parte hartzen duten sagardoek halakotzat identifikatuta egon beharko dute, eta berezitasun hori agertu beharko da etiketan.

Ezinbestekoa izango da gutxienez hogei (20) sagardotegik izena ematea Euskal Sagardoaren kategorian, bost (5) sagardotegik sagardo bereizgarriaren kategorian, eta bost (5) sagardotegik sagardo apardunaren kategorian.

Eskaerak onartzeko baldintzak:

Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten sagardotegiek lehiaketan parte hartzea eskatu beharko dute Gipuzkoako Foru Aldundido Lurralde Oreka Berdeko Departamentuan, deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 2026ko maiatzaren 22ra arte, eskaera eredua, oinarri hauen eranskin gisa jasotzen dena, Erregistro Elektronikotik (tramiteak online) behar bezala beteta aurkeztuz.             

Era berean, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturari baimena emango zaio, lehiaketan parte hartzen duten laginen trazabilitatea egiazta dezan.

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duten sagardoak bakarrik onartuko dira, baldin eta araudi aplikagarrian eta oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Aurkeztutako sagardo apardunei ez zaie aplikatuko Jatorrizko Deituraren betekizuna, nahiz eta Euskal Herriko bertako sagarrekin eginak beharko duten izan, eta oinarri hauetan agertzen diren eta aplikagarriak zaizkien gainontzeko baldintzak bete beharko dituzte.          

Deitutako lehiaketaren ondorioetarako, ez da onartuko gaian eskumena duten organoek zehapen-ebazpen irmoa jarri dioten sagardotegirik.

Sagardotegi bakoitzak kategoria guztietan parte hartu ahal izango du (Euskal Sagardoa/sagardo bereizgarriak/sagardo apardunak). Sagardo bereizgarrien kategorian eta sagardo apardunen kategorian, gehienez 2 laginek parte hartu ahal izango dute kategoria eta sagardotegi bakoitzeko. Euskal Sagardoen kategorian, lagin bakarrarekin parte hartu ahal izango da.

Laginak jasotzea:

Parte hartzen duten sagardotegiek saria lortzeko lehian dabiltzan sagardoen laginak aurkeztu beharko dituzte, kategoria bakoitzean, Fraisoroko nekazaritza-laborategian.

Euskal Sagardoa sagardo kategorian, 6 botila aurkeztuko dira lehiaketako dastaketarako, eta 12 lote beretik lehiaketaren ondoren dastatzeko.

Sagardo bereizgarrien eta sagardo apardunen kategorietan, 9 botila aurkeztuko dira lehiaketako dastaketarako eta ondorengo degustazioan dastaketarako.

Aurkeztutako lagin guztiek behar bezala etiketatuta egon behar dute, eta beren lotearen identifikazioa izan behar dute.

Parte-hartzaileek laginak Fraisoroko Laborategian aurkezteko epea 2026ko ekainaren 5ean amaituko da.

Dastaketa epaimahaia eta prozedura:

Dastatze Epaimahaia gutxienez 9 partaidek osatuko dute sumiller eta dastatzaile ospetsuenen artean Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak hautatuak. Ahal den neurrian, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermatuko da Epaimahaiaren osaketan.

Dastatze-prozedura Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak proposatutako metodoari jarraituz egingo da.

Dastaketetan, dastaketa itsuaren prozedura erabiliko da.

Epaimahaiaren erabakia:

Fraisoroko Nekazaritza eta Ingurumen Laborategiko instalazioetan egingo dira Euskal Sagardoa kategorian finalistak aukeratzeko hasierako dastaketak, baita sagardo bereizgarrien eta sagardo apardunen kategorietan saritutako sagardoak aukeratzeko dastaketak ere.

Euskal Sagardoa kategorian sagardo irabazleen azken dastatze eta hautaketa fasea, eta sari-banaketa GOe-Gastronomy Open Ecosystem-ean egingo dira, zortzigarren xedapenean zehaztutako egunean.

Horrela:

*  Fraisoron ospatuko den lehen fasea:

Euskal Sagardoa kategorian: lehiaketara aurkeztutako lagin kopuruaren eta epaimahai kide kopuruaren arabera, hainbat dastatze mahai eratuko dira.

Parte hartzen duten sagardoak eta epaimahai kideak modu orekatu batean banatuko dira mahaika.

Sagardo onenak hautatuko dira mahai bakoitzean, eta finalisten hautaketarako bigarren fasera pasa ahal izango dira.

Sagardo berezigarri eta sagardo apardunen kategorian: bi dastatze-mahai ezberdin eratuko dira: batek sagardo bereizgarri onena hautatuko du, eta besteak, berriz, sagardo apardun onena aukeratuko du.

Sagardo bereizgarrien sarian, berariazko ezaugarrietara hobekien egokitzen diren sagardoa sarituko da.      

Sagardo apardunei dagokienez, bigarren hartziduraren legamiaren usainak sagardoaren fruitu usainekin ondoen integratzen dituen sagardoa sarituko da.

*  Bigarren fasea: Hau GOe-Gastronomy Open Ecosystem-en instalazioetan egingo da, irabazleei sariak eman aurretik. Fase honetan, lehiaketako hiru sagardo irabazleak hautatuko dira Euskal Sagardoa kategorian. Dastatze mahaia lehen fasean parte hartu duten epaimahai kideez osatuta izango da.   

Sagardo lehiaketaren prozesu osoan, sagardoen eta parte-hartzaileen anonimotasuna gordeko da beti. Era berean, dastatze-mahai bakoitzeko laginen banaketa, aurkezpen-ordena eta mahaien osaera zozketa bidez zehaztuko dira.              

Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

Sariak:

Lehiaketan saridunak geratzen diren sagardotegiei honako sari eta garaikurrak emango zaizkie:

*  Euskal Sagardoa kategoriako sariak:

Sagardo irabazlea: 3.000 €, txapela eta garaikurra.

2. saria: 2.000 € eta diploma.

3. saria: 1.000 € eta diploma.

*  Sagardo bereizgarrien kategoriako sagardo onenaren saria: 1.000 € eta diploma.

*  Sagardo apardunen kategoriako sagardo onenaren saria: 1.000 € eta diploma.

Sariak Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko foru diputatuaren foru aginduaren bidez emango dira.

Sari banaketa, horretarako deitutako eta antolatutako ekitaldi baten bidez egingo da, uztailaren 1ean.

Lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztiak gonbidatuta daude sariak emateko ekitaldira. Saritutako sagardotegien ordezkariak ekitaldi honetan ez agertzea aitorpenari uko egitea bezala hartuko da eta saria galtzea ekarriko du.

Interpretazioa:

Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko foru diputatuak «XXV. Sagardo Lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak» lehiaketa behar bezala gauzatzeko beharrezkotzat jotzen dituen xedapen guztiak eman ahal izango ditu, baita oinarrien interpretazioan sor daitekeen edozein zalantza argitzeko ere.

—-

Agindua PDF formatuan eskuratu
Iturria
: Gipuzkoako Foru Aldundia