Gipuzkoako sagardogintzak ia ez zuen aldaketarik izan XIX. mendeko azken hamarkaden eta Gerra Zibilaren artean. Sektoreko hobekuntzak matxakak nahiz prentsa mekanikoak sartzera mugatu ziren, baina sagardoa oinarrizko prozedurekin ekoizten jarraitzen zen. Baina XX. mendearen hasieran sagardogile batzuk berrikuntzaren aldeko apustua egin zuten, eta sagardo apardunak ekoizten hasi ziren.

Oro har, Gipuzkoako dolareetan egindako sagardoa tokiko edo probintziako merkatuetan kontsumitzen zen; hau da, kupel artean edo jabetza pribatuko etxeetan, ontziratuta. Oso gutxitan saltzen edo esportatzen zen sagardoa beste leku batzuetara, ez baitzen erreza hemendik kanpora bezeroak lortzea. Halere, sagardogile batzuk berrikuntzaren aldeko apustua egin, eta erosle berriak erakartzeko asmoz produktu berri bat egitera ausartu ziren beraien negozioak zabaltzeko: sagardo apardunaz ari gara, hain zuzen; ohikoa izan ez arren, Gipuzkoako lau ekoizle sagardo apardunak egiten hasi ziren XX. mendeko lehen hamarkadetan.

Haien artean garrantzitsuena Felix Mitxelena oiartzuarra izan zen: sagardo aparduna bakarrik egiten jardun zen, eta aipatutako testuinguruan salbuespen nagusia izan zen. Bere produktuaren % 70 Gipuzkoan saltzen zuen, % 20 Espainian eta gainerako % 10 atzerrian. Adibide gisa, 1923an 90.000 botila egin zituen 20 tona sagardo erabilita. Litekeena da horretarako eta bere produktua nazioko eta nazioarteko merkatuetara eramateko Pasaiako portura etortzen ziren itsasontziak baliatu izana.

Bigarren ekoizleak Mutrikun zuen bere negozioa, baina artean 500 litro sagardo baino ez zituen egiten.

Hirugarren sagardoa Osasuna markapean merkaturatu zen, eta Illarramendi y Cia enpresak ekoiztu zuen Usurbilgo San Esteban auzoan. Nabarmentzekoa da, gainera, ekoizle hori izan izana bertako prentsan iragarkiak egiten lehenetarikoa.

Bestalde, J. Lasa y Compañiak Astigarragan ireki zuen negozioa 1924an. Ardo apardunen eta sagardo apardunen ekoizle gisa alta eman zen industria merkatuan. Bitxia bada ere, Astigarragan egin beharrean, Hernanin ordaindu zuten beren lehen udaleko eta probintziako ekarpena. Astigarragako udal-agintarien aurrean kudeaketa ugari egin ondoren, urte hartan, eta salbuespen gisa, bertan zerga horiek ordaintzetik salbuestea lortu zuten.

Urte asko igaro ziren berriz ere ekoizle gipuzkoar bat sagardo aparduna egiten hasi zen arte. Lehenengoa Astarbe sagardotegia izan zen, bere 450. urteurrena ospatzeko Byhur izeneko sagardo
aparduna ekoiztu zuena. Ondoren, beste sagardogile batzuk ere hasi ziren sagardo apardunak egiten: Petritegi, Oiharte, Txopinondo, Kupela eta Bordatto, beste batzuen artean. Guztiek berrikuntzaren eta kalitatezko produktua ekoiztearen aldeko apustua egin dute.

Bitxikeria horiek eta beste batzuk aurkituko dituzu Sagardoaren Lurraldeko Dokumentazio Zentroan katalogatutako dokumentuetan, hemerotekan, fototekan nahiz liburuetan. Animatu zaitez kontsulta egitera! https://sagardoarenlurraldea.eus/dokumentazio-zentroa/eu/

Iturria: Sagardoaren Lurraldea urtekaria 2022