Karlos Arguiñano sukaldari ospetsua izan da 2011ko “txotx” bolada inauguratzeko arduraduna.
Argiñanok zuku berriari ongietorria eman dio Astigarragako Petritegi sagardotegian, kupeletik lehendabiziko sagardoa dastatu delarik eta Gipuzkoako sagardogileen bozeramailea den Joxe Angel Goñiren hitzetan produktu “aromatikoa, freskagarria eta amaiera luzekoa” dena.
Sukaldaria, pozez gainezka, sagardo berria dastatzen lehena izan da “hemen dugu aurtendo sagardo berria” oihu eginda eta dastatu ostean, oso “goxua” dagoela baieztatu du.
Sagardotegiko ohiko ekitaldia aurretik, sagardogileek denboraldi berriko ezaugarriak prentsaurreko batean aurkeztu dituzte, Argiñano ere bertan izan delarik Bixente Arrizabalaga Astigarragako Alkatea, Jon Azkue Arrantza eta Elikagaien Industriako Sailburuordea eta Rafael Uribarren Landa Ingurumeneko Departamentuko Diputatuarekin batera.
Goñik, bertako sagarraren ekoizpena 2009ekoa baino askoz handiagoa izan dela azaldu du, baina 2008ko datu historikoetara iritsi gabe.
Halare, sagar ekoizpenaren igoera honek ez du sagardo ekoizpenaren igoera eragin, ekoizpena 10.000 litro sagardo ingurukoa izan baita, iazko kopuruaren antzekoa.
Sagardoaren ekoizpenaren mantentze hau sagardogileek krisi egoera honen aurrean hartu duten neurri gisa ulertzen da, sagardogileen arduradunak azaldu duen bezala.