2026ko apirilaren 16tik 18ra CiderWorld’26 ekitaldia izango da Frankfurten, eta Gipuzkoa izango da aurtengo herrialde gonbidatua. CiderWorld (www.cider-world.com) Europako nazioarteko sagardo ekitaldi garrantzitsuenetarikoa da, eta sagardoaren alorreko profesionalak zein sagardoaren munduan interesa duten kontsumitzaileak biltzen ditu. Izan ere, mundu osoko sagardoentzako nazioarteko topagunea da, eta beraz, sagardoaren kulturaren eskutik, Gipuzkoa Europako sagardo-helmuga garrantzitsuenetako bat bezala zein bere aberastasun turistikoa, gastronomikoa eta kulturala nazioartean ezagutarazteko ekitaldi garrantzitsua bezain estrategikoa izango da.
Horregatik, eta Gipuzkoa ohorezko herrialde gonbidatua izanik, ordezkari ezberdinak izango dira bertan: Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Saila, Sagardoaren Lurraldea eta Astigarragako Gurutzeta, Zapiain zein Petritegi sagardotegiak. Izan ere, udalerri hau oso lotuta dago sagardoaren ekoizpenarekin. Hiru egunetan zehar, CiderWorldeko programaren baitan antolatutako ekintzetan parte hartzeaz gain, hainbat jarduera antolatuko dira sagardoaren kulturaren eskutik Gipuzkoaren sustapen turistikoa egiteko.
Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak azpimarratu du CiderWorld Europako azokarik garrantzitsuenetarikoa dela eta pozgarria dela Astigarragako sagardotegiak Gipuzkoako sagardogileen ordezkari bezala joatea. Hala ere, nabarmendu du hau ez dela berria, sagardogile batzuk aspalditik ari direlako egiten nazioarteko azoketara joateko ahalegina: “Hori garrantzitsua da bi gauzetarako: alde batetik, gure sagardogintza zer den erakusteko, eta beste alde batetik , munduan zehar dauden sagardogileek zer egiten duten ikasteko”.
Bestalde, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek gogorarazi duenez, “Alemania Gipuzkoako nazioarteko laugarren merkatua da”, 2025ean 62.000 turista etorri baitziren, eta batez beste 2,1 gau egin zituzten. Gainera, nabarmendu du bisitari profil hori “erabat” egokitzen zaiola Gipuzkoako turismo ereduari, “jasangarria, kalitatezkoa eta ingurunea errespetatzen duen profila delako”. Horregatik guztiagatik, azpimarratu du Frankfurteko azoka aukera bikaina izango dela “Gipuzkoa sustatzeko eta garen bezala erakusteko: benetako lurralde bat, nortasun propioa duena eta inor axolagabe uzten ez duena”. Amaitzeko, adierazi duenez, “maila globalean hain gorabeheratsua den urte honetan”, sustapen hori “funtsezkoa” izango da “gure turismo industriarentzat eta, ondorioz, turismoak sortzen dituen lanpostuek kalterik ez jasateko”.
Bukatzeko, Zapiain sagardotegiko Ion Zapiainek azaldu du urte asko daramatela CiderWorldera joaten erakusketari gisa, eta horrek beti ematen diela aukera beste sagardogileekin harremanak egiteko, besteek zer egiten duten ikusteko eta hemen zer egiten den erakusteko. “Aurten erantzukizun handiagoa dugu, baina aspalditik nahi genuen gonbidatu bezala joan, eta beraz pozik gaude”, gehitu du.
Gure lurraldearen aurkezpena
Alde batetik, ostegunean, apirilak 16, lanerako bilera teknikoa eta aurkezpena egingo dira Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo sailaren eskutik turismo alorreko adituentzat, hala nola, bidai agentziak eta touroperadoreak. Jarraian, aurkezpen instituzionala izango da, turismoko profesionalentzat, gastronomiako eta turismoko kazetarientzat zein sagardoaren sektoreko adituentzat, Gipuzkoa norako gisa eta sagardoaren kultura sustatzeko. Bertan, Libe Otegui Turismo Departamentuko zuzendariaren aurkezpena izango da, eta gure lurraldea ezagutarazteko bideo bat proiektatuko da.
Ondoren, ‘txotx’ afaria eskainiko da 100 pertsonentzat Frankfurteko Bornheimer Ratskeller jatetxean. Bertan hainbat kupel jarriko dira parte-hartzaileek sagardoa txotxetik dastatzeko, eta Gipuzkoako sagardotegi tradizional bateko esperientzia ezagutzeko.
Gipuzkoako sagardoaren kulturari buruzko hitzaldia
Hurrengo egunean, apirilaren 17an, sagardoari buruzko hitzaldiak izango dira hizlari ezberdinen eskutik, eta Sagardoaren Lurraldeak hitzaldi bat emateko aukera izango du Gipuzkoako sagardotegiei, sagardoaren kulturako esperientzei zein sagardoaren kulturari buruz. Egun berean, ekitaldiaren baitan egiten den CiderWorld’26 Award lehiaketaren sari banaketa izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo sailak sari bat emango du, eta Otegui zuzendariak Gipuzkoaren aurkezpena egingo du. Azkenik, ‘Sagardoa Meets Apfelwein’ izenburupean, Astigarragako Zapiain, Petritegi eta Gurutzeta sagardotegiek beren sagardoen dastaketa gidatua egingo dute sagardo lehiaketako epaileentzat, nazioarteko sagardo ekoizleentzat eta Frankfurteko sagardozaleentzat. Dastaketa Apfelweinkontor sagardotegian izango da, Frankfurteko eraikin zaharrenean.
Sagardo Azoka eta Euskal Sagardoaren dastaketa
Bukatzeko, larunbatean, apirilaren 18an, Gipuzkoak postu nagusia izango du CiderWorld’26 Expo nazioarteko sagardo azokan. Azoka Gesellschaftshaus Palmengarten egoitzan egingo da eta postu nagusi horretan, Zapiain, Petritegi eta Gurutzeta sagardotegiek leku propioa izango dute, eta bertaratzen diren guztiei beren sagardoak (naturalak, apardunak, postrekoak…) botilatik dastatzeko aukera eskainiko diete. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bere sustapenerako lekua izango du bertan, eta gune hori informazio turistikoa emateko erabiliko da.
Azkenik, larunbat arratsaldean Euskal Sagardoaren Master Class saioa izango da azokan bertan, hau da, Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko sagardoen dastaketa gidatua aipatutako sagardogileen eskutik.