Euskadi Basque Countryk (Eusko Jaurlaritzako Turismoa) eta Sagardoaren Lurraldeak (Ciderlands Nazioarteko Sareko kidea eta sortzailea) NICA 2022 & Norwegian Cider Festival ekitaldian parte hartu dute, azaroaren 11-12-13an Bergen hirian (Norvegia) izan den sagardoari buruzko ekitaldi entzutetsuan. Euskadik arrastoa utzi du herrialde eskandinaviarrean: Hanen-ekin (Norvegiako landa turismoaren eta nekazaritza produktuen erakunde nazionala) batera “Mundua lau kolorez margotua” afaria berezia eskaini du, eta NICA 2022 ekitaldiko parte-hartzaileek Euskadiko berezitasunak ezagutu dituzte “How to build a gastronomic nation” hitzaldiari esker. Bestalde, Sagardoaren Lurraldeak Ciderlands Sareko III. Topaketan parte hartu du; bertan, sagardoaren munduko norako turistikoen arteko harremanak sendotu dira eta etorkizuneko sustapeneko jarduerak adostu dira.

NICA 2022 & Norwegian Cider Festival ekitaldiak sagardoaren, kulturaren eta gastronomiaren sektoreko ehundaka pertsona bildu ditu  Bergen hirian (Norvegia). Bertan, Sagardoaren Nazioarteko Lehiaketa Eskandinaviarra, Norvegiako Sagardoaren Jaialdia, sagardoa eta enoturismoari buruzko hitzaldiak, Euskadi Basque Countryk eskainitako “Mundua lau kolorez margotua” afaria eta sagardoaren Lurraldeak parte hartu duen Ciderlands Sareko III. Topaketa izan dira.

EUSKADI BASQUE COUNTRY PROTAGONISTA

Euskadi Basque Countryk (Eusko Jaurlaritzako Turismoa) eta Euskadi Gastronomika Sareak garrantzia berezia izan dute NICA 2022 & Norwegian Cider Festival ekitaldian eskainitako afaria eta hitzaldiari esker.

Alde batetik, Euskadik “Mundua lau kolorez margotua” showcooking afaria eskaini du Hanen-ekin elkarlanean, sagardoaren eta gastronomiaren munduan erreferentziazkoak diren Norvegiaren eta Euskadiren arteko senidetze gisa. Bertan, Ama jatetxeko (Tolosa, Gipuzkoa) Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek, House Of Telle jatetxeko (Bergen, Noruega) Morten Tungesvik sukaldariak eta Zapiain sagardotegiko (Astigarraga, Gipuzkoa) Ion Zapiainek sagardoez lagundutako menu euskal-norvegiarra eskaini dute:

Euskadiko platerak:
Legatza saltsa berdean, mihi-arraia pilpilean, txerri hirugiharra bizkaitar erara eta bakailao tripakiak, sagar erreak eta porruak tintan eta gorrotxak (euskal arrautza gorringo eta almendradun makaroonsa), sagardo hauekin batera: Zapiain Sagardo Ekologikoa 2021, sagasti bakarreko sagarrekin egindako Joanes de Zapiain 2021 sagardoa eta Zapiain Bizi-Goxo 2017 izotzezko sagardoa.

Norvegiako platerak:
Platuxa ondua alga eta arbi-aza errearekin eta eskabetxean, orein tartarra apioarekin labean erreta, ozpindutako tipula eta onddo zuri lehorra, bieira-cevichea sagarrarekin eta anetarekin, Rueslåtten baserriko St. Pål gazta bertako eztiarekin eta TilslØrte bondepiker (sagar konpota eta mahatsondoa limoi eta galleta krema garratzarekin), sagardo hauekin batera: Kvestad Sideriren 1808, Aga Sideriren Humlepung eta Kvestad Sideriren Issider.

Afarian ehundaka lagunek parte hartu dute: Ciderlands sareko nazioarteko ordezkariek, sagardoaren munduan ezagunak diren nazioarteko epaileek, bertako turismo erakundeek, touroperadoreek eta Norvegiako komunikabide berezituek.

Beste alde batetik, Euskadi Basque Country protagonista izan da NICA 2022 & Norwegian Cider Festival ekitaldiko hitzaldietan: Ciderlands sareko ordezkari gisa joandako Haritz Rodriguezek How to build a gastronomic nation hitzaldia eskaini du Euskadi nazioartean turismo gastronomikoko helmuga gisa ezaguna bilakatu duen ibilbidea ezagutarazteko. Hitzaldian, Euskadi Gastronomikak Euskadiko turismo gastronomikoaren eskaintzaren eratzaile gisa duen papera nabarmendu du, eta bere eskaintza gastronomikoa aurkeztu: pintxoak, Michelin izarrak dituzten jatetxeak, sagardotegiak eta Sagardoetxea bezalako museo gastronomikoak.

CIDERLANDS SAREAREN URTEKO III. TOPAKETA

Bere aldetik, Sagardoaren Lurraldeak NICA 2022 & Norwegian Cider Festival ekitaldiaren testuinguruan izandako Ciderlands Sareko III. Topaketan parte hartu du.

Sagardoaren Lurraldeaz gain (Euskal Herria), topaketan Armagh (Irlanda), Mostviertel (Austria), Herefordshire (Erresuma Batua), Bretaña (Frantzia), Hessen (Alemania), Ponte de Lima (Portugal) eta Skåne (Suedia) bezalako norako turistikoek parte hartu dute. Bileran, 2023an sagardoaren kulturako turismoa nazioartean sustatzeko egingo diren jarduera nahiz sustapeneko ekintzak erabaki dira. Bestalde, Hardanger eskualdeko Ulvik Frukt & Cideri, Syse Gard eta Hardanger Saft & ciderrfabrikk and Lekve Gard sagardotegiak bisitatu dira Norvegiako sagardoaren gainean garatutako enoturismoko eskaintza ezagutzeko.